Ekonomia -

UGT-ren 42. Kongresua

Mendez dio UGTek ezin duela gehiagotan huts egin, egindakoaren ostean

Idazkari nagusiak onartu egin du jarrera gaitzesgarriak izan direla, baina ziur dago ez dutela "legez kanpoko" ezer egin, ezta "engainatu" ere, baizik eta "irregulartasunak" edo "gardentasun eza".

22 urtez UGTko idazkari nagusi izan ondoren, Candido Mendezek kargua utziko du.
mendez
Candido Mendezek UGTko kargua utzi du 22 urteren ondoren

1:07

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Candido Mendez UGTren idazkari nagusiak ziurtatu egin du sindikatuak ezin duela gehiagotan huts egin, esaterako, kudeaketan eta diru publikoaren eta afiliatuen kuoten kontrolean; azken horrekin bereziki arretaz jokatu behar dela uste du.

Sindikatuaren 42. Kongresuan egindako hitzaldian, onartu egin du organizazioan jarrera gaitzesgarriak izan direla, baina ziur dago ez dutela "legez kanpoko" ezer egin, ezta "engainurik" ere, baizik eta "irregulartasunak" edo "gardentasun eza".

Mendez ziur agertu da "egiak" sindikatuaren irudi ona berrezarriko duela eta, gogorarazi duenez, UGTen ez dute karguan mantendu inolako inputaturik, dimisioa eman dutelako.

UGT sindikatuak 42. Kongresu Konfederala abiatu du gaur, Madrilen. Larunbatera arte iraungo duen batzarrak, besteak beste, sindikatuaren aro berri baten hasiera izan nahi du: Candido Mendezek UGTko idazkari nagusi kargua utziko du, 22 urteren ondoren, eta zentralaren egitura aldatu egingo da, sei federazio izatetik hiru izatera igarota.

'Batasuna zutik' lelopean, UGTko 691 ordezkarik hartuko dute parte Kongresuan. Hiru hautagai aurkeztuko dira idazkari nagusi kargurako: Josep Maria Alvarez (UGT-Kataluniako egungo idazkari nagusia), Gustavo Santana (UGT-Kanarietako idazkari nagusia) eta Miguel Angel Cilleros (Mugikortasunerako eta Kontsumorako UGTren arduraduna).

Ordezkarien % 25en babesa beharko da, gutxienez, Kongresuan hautagaitza aurkeztu ahal izateko. Alvarezek eta Cillerosek aurreratu dute babes hori badutela, eta ikusteko dago Santanak abala lortu duen. UGTren 128 urteko ibilbidean lehen aldiz aurkeztuko dira hiru hautagai sindikatuaren idazkari nagusi izateko.

Diskurtsoetan alde nabarmenak dituzten arren, hainbat helburutan bat egiten dute hirurek. Besteak beste, PPren lan-erreforma bertan behera uztea eta sindikatua indartzea daude hiru hautagaien lehentasunen artean. Kataluniaren aferak eragin du ika-mika handiena. Alvarez erabakitzeko eskubidearen alde agertu da hasieratik, eta idazkari nagusia bera bada, horren alde egingo duela adierazi du. Candido Mendezek erabakitzeko eskubidearen kontrako adierazpenak egin ditu azkenaldian.

930.000 afiliatu

930.000 afiliatu ditu UGTk, eta azken urteotan bere irudia erabat lausotu dute Estatuan harrabotsa sortu duten auzi batzuek; tartean, 'black' txartelen eta Andaluziako enplegu-erregulazioko espedienteen ingurukoek. Jose Angel Fernandez Villa UGTko kideak dirua zuritzeko amnistia fiskalari heldu izanak ere, min handia egin dio sindikatuaren irudiari.

Gardentasuna, berrikuntza eta enpresa txiki eta ertainetara hurbiltzea dira UGTk abian jarri nahi duen aro berrirako oinarriak. Lurraldez lurralde aztertu dituzten dokumentuak izango dituzte eztabaidagai gaur hasi eta larunbatean amaituko den Kongresuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Albisteak Euskal sindikatuak UGT Langileen Batasun Orokorra