Ekonomia -

Errenta aitorpena 2015

Gipuzkoako Ogasunak ia 299 milioi itzuliko dizkie zergadunei

173 milioi pasatxo biltzea espero du Jabier Larrañagak zuzentzen duen departamentuak.

Errenta aitorpena
Errenta aitorpena
Errenta aitorpena

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2015eko errenta aitorpenaren kanpainan 298,7 milioi euro itzuli eta 173,4 milioi jasoko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak, aurreikuspenen arabera. Horiek betez gero, kanpainaren saldoa negatiboa izango da, 125 milioi eurokoa, alegia. 2014ko kanpainarekin alderatuta, baina, bost milioi gehiago eskuratuko ditu Gipuzkoak.

Jabier Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatuak prentsaurrekoa eman du Donostian, Jokin Perona Ogasun zuzendariarekin eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordearekin batera. Agerraldian, kanpainari begira dituzten aurreikuspenak azaldu dituzte. Kanpaina apirilaren 6an abiatu zen, eta ekainaren 25ean bukatuko da.

Larrañagaren hitzetan, 375.000 aitorpen aurkeztuko dira, eta horietatik ia % 60 autolikidazio proposamenen bidez egitea espero da. Diputatuak kanpainan lanean ari diren 120 beharginen lanaren "kalitatea eta esperientzia" nabarmendu ditu.

Iaz, 238.811 autolikidazio proposamen bidali zituen Ogasunak, eta zergadunek 213.444 onartu zituzten. 2015eko kanpainari dagokionez, 250.611 proposamen bidali dituzte, Jokin Perona Ogasun zuzendariaren hitzetan. Apirilaren 11tik, 55.935 onartu dituzte jada, % 23; gehienak (% 66), Internet bidez. 

Ostiral honetatik hasita, aitorpena bulegoan egiteko hitzordua hartzeko aukera dute zergadunek. Apirilaren 18tik aurrera, berriz, Internet bidez aurkeztu ahalko dira aitorpenak.

Aberastasunaren gaineko zerga

Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergari dagokionez, 2,7 milioi gehiago jasotzea aurreikusten du Ogasun departamentuak, hau da, 61,7 milioi euro biltzea.

Iaz foru arauan egindako moldaketen ondorioz, ekonomia jarduerari lotutako elementuak eta enpresetako partaidetzak salbuetsita geratu dira, tarifa berriak daude eta ondasun higiezinen balorazioa aldatu da. Hori horrela izanik, aitorpen kopurua jaitsi egingo dela uste du Peronak, baina zergadunek ordaintzen duten batez bestekoa igotzea. Beraz, ez da aparteko aldaketarik espero diru-bilketan.

Iruzur fiskalaren inguruan sentsibilizatzeko kanpaina abiatu du Gipuzkoak, datuok aurkeztearekin batera. Izan ere, prentsaurrekoan nabarmen dutenez, iruzur eginez jasotzen ez den euro bakoitza zerbitzu publikoetara bideratu ezin den dirua da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Errenta aitorpena datak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia berriak Gaurko azken orduko albistea Zerga politika gaur Gipuzkoako Foru Aldundia azken ordukoa