Ekonomia -

Itxiera

Ekoizpena guztiz eten egin dute Zumarragako Arcelor Mittal lantegian

Asteazkenean beste bilera bat egingo dute zuzendaritzak eta langileen batzordeak, eta egitekoa zen greba orokorra bertan behera geratu da.

 

Zumarragako lantegiko beharginen protesta bat. Artxiboko irudia: EFE
Zumarragako lantegiko beharginen protesta bat. Artxiboko irudia: EFE
Zumarragako lantegiko beharginen protesta bat. Artxiboko irudia: EFE

E. Lotina | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zumarragako Arcelor Mittaleko plantak erabat eten du ekoizpena astearte honetan, zuzendaritzak hala erabakita.

Enpresako zuzendaritzak eta langileen batzordeak beste bilera bat egingo dute asteazken honetan lantegian bertan. Arcelor Zumarragatik Europa Press albiste agentziari jakinarazi diotenez, enpresak bere horretan jarraituko du, langileen kokapenaren proposamenaren inguruan, bihar, asteazkena, 15:30etan egitekoa duten bileran. Proposamen horren arabera, 342 pertsonetatik, 268 Asturiasera eramango dituzte, 50 EAEn eta Nafarroan non kokatuko dituzten zain daude eta 24k aurretiazko erretiroa hartuko dute. Enpresak espero du eskaintza "eztabaidatzen hastea", langileen ordezkariekin.

Gaurtik aurrera, zortzi langile soilik geratu dira txatarra parkea kudeatzen. Gainerakoak Asturiasko eta Euskal Herriko beste lantegi batzuetan birkokatu nahi ditu zuzendaritzak. Ekoizpena etenda, langileek bertan behera utzi dute biharko eskualde mailan deituta zuten greba orokorra.

Joan den astean labeak itzali ostean, gaur ijezketa edo laminazio trena eten dute. Zumarragako faktorian eta eskualdean greba orokor baten bezpera zen izatekoa gaurkoa, baina bertan behera utzi dute deialdia Arcelor Mittaleko langileek.

Greba bertan behera uzteko arrazoien artetik okerrena dute esku artean: jarduna gaur bertan geratuko da bertan behera. Jardunik ez duen lantegi baten jarduna greba eginez eteteak ez duela zentzurik pentsatuta, eta erabaki horretan eskualde osoa inplikatu nahi ez dutelako, bihar ez da lanuzterik izango Urola Garaian.

Mobilizazioak

Ondorioz, 24 orduko lanuztea bertan behera uztea erabaki zuen enpresa-batzordeak, baina mobilizazioek jarraituko dute. Horrela, giza katea eta elkarretaratzea egingo dituzte asteazkenean, negoziazio mahaiaren bileraren aurrean.

Giza katea 11:00etan abiatuko da Zumarragako lantegitik, eta 13:00etan helduko da Urretxura; fabrikaren aurrean elkarretaratzea egingo dute 15:30ean.

Txinako altzairuaren dumping-ak eta argindarraren garestitzeak kinka larrian jarri dute Zumarragako planta, ateak ixteraino.

Langileen eta Eusko Jaurlaritzaren ustez, behar diren inbertsioak egin eta jarduna bideratuz gero, etorkizuna izan lezake Arcelorrek. Arantxa Tapiaren Sailak proposamen bat ere egin zion enpresari, baina erabakia tinko hartu du multinazionalak; faktoria itxi, txatarra arloan zortzi langile utzi eta beste guztiak Euskal Herriko eta Asturiasko lantegietan kokatzea erabaki zuen, eta hori egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Lana berriak Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Zumarraga bideoak Gaurko azken ordukoa Metalgintza