Ekonomia -

Zumarragako lantegia

Arcelorrek eta sindikatuek astebete luzatu dute kontsulta epea

Zuzendaritzak asteazkenean aurkeztuko du birkokapenen plana.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ArcelorMittaleko zuzendaritza berriz ere batzartuko da asteazkenean Zumarragako lantegiko enpresa batzordearekin, baina kontsulta epea amaitutzat emango du aste horretako amaieran akordiorik ezean.

EFE agentziak jakinarazi duenez, gaurko bileran aldeek ez dute aurrerapausorik eman, baina asteazkenean berriz ere biltzea hitzartu dute.

Kontsulta epea dagoeneko bukatu da, baina astebetez luzatu dute aldeek. Hori bai, Arcelorrek ohartarazi du ez duela beste luzapenik onartuko astebete pasatuta akordiorik lortzen ez badute.

Asteazkeneko bileran, zuzendaritzak langileak birkokatzeko plana aurkeztuko dio, idatziz, enpresa batzordeari.

Enpresak ez du baztertzen bilera gehiago egitea, baina betiere asteko amaiera epemuga jarrita.

Gaurko bileran, LABek kontsulta epea bertan behera uztea proposatu du, EAEko erakundeek ArcelorMittaleko arduradunekin bildu arte, baina enpresak ezetz esan du.

Enpresa batzordearen esanetan, zuzendaritzak ez du gaur zehaztu birkokapenen plana, eta, hortaz, egoera “berdin-berdin” dago, ez baita aurrerapausorik eman.

Enpresak txatarra parkea mantendu nahi du Zumarragan, baina 350 langileetako 8 baino ez mantenduta. Gainera, 268 pertsona Asturiasera bidali nahi ditu, 50 EAEko beste lantegietara, eta 24ri aurretiazko erretiroa eman.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisia Ekonomia 2024 Zumarraga Eguneko albisteak