Ekonomia -

Maiatzak 1

Patronalaren estrategia partekatzea egotzi dio ELAk Jaurlaritzari

Adolfo 'Txiki' Muñozek sindikatu abertzaleek bat eginda lan egitearen beharra ere aldarrikatu du.

Adolfo 'Txiki' Muñozek ELAk Bilbon deitu duen manifestazioan parte hartu du. Argazkia: EFE
Adolfo 'Txiki' Muñozek ELAk Bilbon deitu duen manifestazioan parte hartu du. Argazkia: EFE
Aldarrikapena eta jai giroa uztartu ditu ELAk ekitaldi nagusian

1:10

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak Langileen Nazioarteko Eguna ospatu du gaur, Bilbon eta Iruñean "Gehiago balio dugu" lelopean egindako bi manifestazioarekin.

Bilboko manifestazioa 12:15ean abiatu da Jesusen Bihotza plazatik eta hiriko kaleak zeharkatu ostean Plaza Biribilean amaitu da.

Manifestazioa hasi aurretik, Adolfo "Txiki" Muñoz ELAko idazkari nagusiak mitina eskaini du Bilboko Jesusen Bihotza plazan eta Eusko Jaurlaritza gogor kritikatu du, haren esanetan, patronalaren estrategia babestu eta partekatzeagatik. Halaber, lan erreforma aplikatzea eta aurrekontuetan doitasunak egitea leporatu dio Jaurlaritzari, langileen lan-baldintzak okerrera egitea eraginez -bereziki azpikontratena-.

Halaber, behin-behinekotasunari amaiera emateko ezer ez egitea eta "lan arloko miseria zabaltzea" leporatu die Eusko Jaurlaritzari eta Confebask patronalari. "Gobernuek patronalei babesik emango ez balie patronalak beste zerbait egitera behartuta legoke. Behin-behinekotasuna partekatzen dute, bai eremu publikoan eta baita pribatuan ere", salatu du.

Bestalde, lan harremanetarako eredu berriarekin mugimendu sindikala ahularazi nahi izatea leporatu dio Muñozek Confebaski. "Ez dute hitzarmen kolektiborik nahi, legeaz bakarrik fidatzen dira, ez dute sindikaturik nahi, enpresarien eta langileen arteko banan-banako harremana nahi dute; beste lan erreforma bat nahi dute", azpimarratu du.

Langileen aurrean egin duen hitzaldian, mobilizaziorako deia egin du eta "bidegabekeriak zabaltzen" ari diren garaian greba "funtzionamendu demokratikoaren sinonimo" dela gaineratu du. Halaber, ELAk eta LABek bat eginda lan egitearen beharra aldarrikatu du eta dei egin du horretarako dauden oztopoak gainditzeko.

Bilbokoa ez da ELAren hitzordu bakarra izan; izan ere, sindikatuak deituta manifestazioa egin dute Iruñean Gurutze plazatik hasita. 1999az geroztik ELAk Maiatzaren 1a Iruñean ospatu duen lehen aldia izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Iruñeko albisteak Gaurko albisteak Nafarroan Eusko Langileen Alkartasuna albisteak EAE albisteak Lana albisteak Ekonomia berriak Gaurko azken orduko albistea