Ekonomia -

Maiatzaren 1a

Lan gatazka suspertzeko eskura duena egingo duela esan du Etxaidek

Confebaski ohartarazi dio langileek "askatasunez" zein lan merkatu nahi duten erabakitzeko aukerarik ez dutenez, eskura duen guztia egingo duela "lan merkatua ahalik eta gatazkatsuena izateko".

LABek Donostian egin du agerraldirik jendetsuena

1:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak Confebaski ohartarazi dio langileek "askatasunez eta demokratikoki" zein lan merkatu nahi duten erabakitzeko aukerarik ez dutenez, sindikatuak eskura duen guztia egingo duela "egungo lan merkatua ahalik eta gatazkatsuena izateko".

Hala mintzatu da sindikatuko buruzagia Donostian, maiatzaren 1eko langilearen egunaren harira 12:30etan hasita egin duen manifestazioan.

Alderdi Ederretik abiatutako martxan, hazkunde ekonomikoa egonkortzen lagunduko ez dutela adierazi du Etxaidek, hala eginez gero, "azken urteetan egin diren erreformei baietz esaten eta lapurtu dizkiguten eskubideei uko egiten ariko ginatekeelako".

Joseba Permanch, Rufi Etxeberria eta Marian Beitialarrangoitia ondoan zituela agertu duenez, langileak hazkunde ekonomikoaz etekinik aterako ez duela gaineratu du buruzagiak, denaren oinarria "prekarietatea" dagoelako. "Hedatzen eta handitzen ari da, mugarik gabe", gaineratu du.

Langileek lana galtzeari eta bizitza duina izateko lan bat ez aurkitzeari beldur dietela azpimarratu du Etxaidek. "Prestazioak emango ez dizkiguten beldur gara, pentsioak galduko ote ditugun beldur", zehaztu du.

Testuinguru horretan agertu duenez, "prekarietatea ez da lan kontu bat,lehen mailako arazo politiko bat baino.Hori dela eta, erantzuna eman behar zio".

LABeko idazkari nagusiaren esanetan, herrialde diferente bat nahi duen orok "proposamen eraginkorrak egin behar ditu".

"Ez da egia denok traineru berean norabide berean ari garela, batzuek euren etekinak handitzen dituzten bitartean, prekarietatea handitzen eta zabaltzen ari da, eta gero eta baliabide gutxiago heltzen ari dira gizartera", esan du.

"Langileak aurrez aurre izan nahi ez badituzte herriari galdetu beharko liokete. Herriak erabaki beharko du askatasunez sindikatuen proposamena edo lan erreforma nahi duen", gehitu du. "Herriak erabakitzen duenean, jesar gaitezen, patronala, sindikatuak eta gobernua herriak nahi duen eredua elkarrekin eraikitzeko".

Confebaskek horri guztiari "ezezko borobila" eman diola eta, horregatik, "konfrontazioa" izango dela gaineratu du. Horren ildoan, "sindikalismoa inoiz baino beharrezkoagoa" dela esan du, baina estrategia berritu behar dela uste du Etxaidek, "sindikalismoa egiteko modua eta gure eskubideak defendatzeko modua zenbait kasutan zaharkituta gelditu direlako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langile Abertzaleen Batzordeak Langileen nazioarteko eguna Albisteak Gaur Eguneko albisteak