Ekonomia -

Lan gatazka

Epaiketa ugari bertan behera, Bizkaiko forentseen lanuzteak direla eta

Formazioa, Osakidetzan gutxien kobratzen duten medikuek beste kobratzea, eta guardien arteko deskantsu ordu minimo bat eskatu dituzte auzitegi-medikuek.

Protesta ugari egin dituzte forentsek apirilean. EiTB
Euskadiko forentseak ez daude ados Eusko Jaurlaritzaren proposamenekin

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko auzitegi-medikuek azkenaldian egin dituzten lanuzteen ondorioz, ezgaitasun eta zigor arloko epaiketa ugari bertan behera geratu dira, eta Bilboko 14. zenbakiko Instrukzio Epaitegia "kolapsatzeko" puntuan dago, Forentseen Plataformak eta CCOO, LAB, ELA, CSIF eta CGT sindikatuek nabarmendu dutenez.

Apirilean lau ordu eta erdiko lanuzteak egin dituzte forentseek, eta asteon bi ordu eta erdikoak (09:30etik 12:00etara).

Sindikatuok Bilbon eskainitako prentsaurreko batean azaldu dutenez, hiru eskakizun nagusi dituzte: etengabeko formazioa edukitzea, guardien artean deskantsu ordu kopuru minimo bat egotea eta Osakidetzan gutxien kobratzen duen medikuaren besteko soldata izatea.

Auzitegi-mediku lanbidea kolokan dago, forentseen ustez. Izan ere, ohartarazi dutenez, "garapen profesionalerako proiekturik ez dago, lan baldintzak txarrak dira, soldatak Osakidetzaren minimotik behera daude eta etengabeko formazioa eskasa da". Euren hitzetan, "egun 54 urtekoa da profesional hauen batez besteko adina" eta ordezkatuko dituzten medikuak falta dira. Horrek, salatu dutenez, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutuaren desagertzea eta zerbitzu "publiko, independente eta profesionala" pribatizatzea ekarriko du.

Bizkaian lanean diren 32 mediku forentsetatik 27 egiten ari dira greba. Araban eta Gipuzkoan ez dago lanuzterik, lurraldeen arteko lan baldintzak ezberdinak direlako.

Azaldu dutenez, Jaurlaritzak eskainitako eta sindikatuek eskatutakoaren arteko ezberdintasun ekonomikoa "txikia" da, eta aurrekontuaren % 2 igotzea baino ez luke ekarriko. Dena den, igoera hori "bidezkoa" izatea nahi dute; izan ere, euren hitzetan, Jaurlaritzak urteko 8.000 eta 5.700 euro gordinean igo nahi ditu Institutuaren zuzendari eta hiru zuzendariordeen soldatak, hurrenez hurren. Auzitegi-medikuen soldata, berriz, batez beste 800 euro igotzea proposatu du Justizia Sailak.

Jaurlaritzaren eskaintza

Bestalde, Ana Agirre Eusko Jaurlaritzako Justiziako sailburuordeak auzitegi-medikuekin negoziatzeko "borondate irmoa" duela adierazi du ohar batean eta beste bilera batera deitu ditu.

Batzar horretan sindikatuei eskaini dien soldata-berregokitzapena azalduko diete; Euskadin lanean ari diren 54 forentse horien soldatak 1.000 eta 7.500 euro urtean igoko dira, gutxi gora behera, langilearen lanbide-kategoria gorabehera. Horrez gain,  guardien arteko atsedenaldiak arautzeko jarraibide bat aurkeztuko diete, baita 80.000 euroko prestakuntza-planaren zirriborroa ere.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Zer gertatu da gaur Bizkaian? Lana berriak Epaiketak bideoak Ekonomia Gaurko azken ordukoa