Ekonomia -

KONGRESUA

UGTren zuzendaritza berriak CCOOrekin duten harremana aztertuko du

Kongresura CCOOko idazkari nagusia zegoen gonbidatuta., eta hitz egiten hasi denean, UGTko ehun bat afiliatu aretotik irten dira, Mercedes Benz lantegian izandako afera dela-eta, protesta modura.

Arza eta Sordo, maiatzaren 1eko manifestazioan, Bilbon. EFE.
ccoo ugt
UGTren eta CCOOen arteko harremanak momentu txarrean daude orain

1:17

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Raul Arza UGT Euskadiko idazkari nagusiak aurreratu duenez, sindikatuaren exekutiba berriaren aurreneko egitekoa CCOOrekin duten harremana aztertzea izango da. Besteak beste, Mercedes Benzek Gasteizen duen lantegiko enpresa batzordeko presidentea, Iñaki Andres (UGT),  kargutik kendu ondoren sortutako egoera aztertuko dute. Kargugabetze hori atzera botatzeko eskatuko diote Unai Sordok zuzentzen duen sindikatuari. Oraingoz, polemikak polemika, CCOOk ez du jarrera aldatzeko asmorik agertu.

ELA, LAB, ESK eta CCOO sindikatuek bat egin, eta Mercedes Benzeko enpresa batzordeko presidentea kargugabetzea erabaki zuten, "enpresaren interesen alde" ari zela argudiatuta.

Arzaren iritzian, EAEko enpresarik nagusienetako enpresa batzordeko burua kargutik kentzea "irain handia" da eta horrek "mina" egin dio UGTri, "erabakia arrazoitzeko CCOOk emandako argudioek bezala".

Protesta

Gaur eta bihar egingo du 12. Kongresua UGTk, Portugaleten. 203 afiliatuk hartuko dute parte, eta Raul Arza aurkeztuko da berriro idazkari nagusi kargurako. 'Borrokan batuta' lelopean, Nautikako eta Itsasontzi Makinetako Goi Eskolan, 10:00etan hasi da batzarra.

Kongresura, besteak beste, Unai Sordo CCOOko idazkari nagusia zegoen gonbidatuta. Goizean, hitz egiten hasi denean, UGTko ehun bat afiliatu aretotik irten dira, Mercedes Benz lantegian izandako afera dela eta, protesta modura.

Sordok hitzaldia amaitu duenean, berriro, sartu dira aretora. CCOOko buruak ez du bere diskurtsoan Mercedeseko afera aipatu, eta sindikalismoaren erronka berrien inguruan aritu da.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Portugalete argazkiak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Espainian CCOO sindikatua UGT Langileen Batasun Orokorra