Ekonomia -

Bilera euskal instituzioekin

Zumarragako lantegia ixteko asmoa berretsi du Arcelorren zuzendaritzak

Arantxa Tapia, Markel Olano eta Mikel Serrano Zumarragako alkatea datozen egunetan bilduko dira langile-batzordearekin.

Mikel Serrano, Arantxa Tapia eta Markel Olano. Argazkia: Irekia
Mikel Serrano, Arantxa Tapia eta Markel Olano. Argazkia: Irekia
Zumarragako lantegia ixteko asmoa berretsi du Arcelorren zuzendaritzak

1:32

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Arcelorren zuzendaritzak berretsi egin du euskal instituzioen aurrean Zumarragako lantegia ixteko eta hango langileak lekualdatzeko asmoa. Enpresaren zuzendaritza nagusia Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Aldundiko eta Zumarragako Udal ordezkariekin batzartu da.

Bileraren ostean Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi duenez, Zumarragako lantegiaren egoerari buruzko normaltasunez eta errespetuz egin dute, baina Arcelorren zuzendaritzak “ez du jarrera aldatu”.

Euskal instituzioen izenean Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Mikel Serrano Zumarragako alkatea izan dira. Fabrika irekita mantentzea eta lanpostu guztiei eustea eskatu dute.

Ildo horretan, “beharrezkoak diren inbertsioak egiteko” galdegin dioten Arcelorri, baina konpainiaren arduradun nagusiek uko egin diote aukera horri. Areago, fabrika ixteko prozesuarekin azkeneraino jarraitzeko asmoa berretsi dute.

Zumarragako lantegia erosteko inbertitzaile bat agertuko balitz, Arcelorrek eskaintza aztertuko luke. “Horixe izango litzateke fabrika irekita mantentzeko aukera bakarra, baina ez dute inolako asmorik itxiera prozesua ixteko eta zain egoteko”, ohartarazi du Jaurlaritzak.

Zuzendaritzarekin bilduta, datozen egunetan batzartuko dira euskal instituzioetako ordezkariak Zumarragako langile-batzordearekin. Beharginen ordezkariak, hain zuzen, Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan dira goizean, zuzendaritzarekin izan zuten bileraren inguruko xehetasunak azaltzeko.

Langileen batzordeko kideek ohartarazi dute Zumarragako lantegiko “arazoak” Olaberriako eta Bergarako fabriketara hedatzeko arriskua dagoela.

Bestalde, Olaberriako enpresa-batzordeak iragarri du neurriak hartuko dituela Arcelorren zuzendaritzak lan-hitzarmen berria negozia dezan; izan ere, azkeneko hitzarmen kolektiboa 2015eko abenduaren 31a arte egon zen indarrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Lana Ekonomia Gaurko titularrak Zumarraga Gaurko azken ordukoa Burdingintza