Ekonomia -

EAE-ko Auzitegi Nagusia

EiTBren irratietako soldata murrizketa bertan behera utzi du EAEANk

Patxi Lopez lehendakariaren Jaurlaritzak soldataren % 5 murriztu zien 2010ean elkarte publikoetako langile guztiei, eta Konstituzionalak legez kanpokotzat jo zuen iaz.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Auzitegi Nagusiak aitortu egin du EiTB taldearen irratietako (Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoria) langileek 2010ean murriztutako soldataren zatia (% 5) berreskuratzeko eskubidea dutela, Auzitegi Gorenaren ebazpen bat beteta, ELAk jakinarazi duenez.

Auzitegi Nagusiko epaileen esanetan, soldata murrizketa hori "Konstituzioaren aurkakoa da". Horrenbestez, legez kanpokoa dela ebatzi dute.

Murrizketa Patxi Lopez (PSE-EE) lehendakariaren Eusko Jaurlaritzak ezarri zien elkarte publikoetako langile guztiei, 2010ean, baina Auzitegi Konstituzionalak legez kanpokotzat jo zuen iazko uztailaren 31n.

ELAk elkarte publiko guztietako langileei egindako murrizketa bertan behera uztea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta azken sei urteetan "milaka langileri" egindako kalte ekonomikoa ordaintzea.

EiTBk aitortu egin duenez, epaiaren ondorioz irratietako langileei ezin zaie murrizketa ezarri, eta 2015eko uztailaren 31tik kendutakoa itzuli behar zaie, baina errefusatu egin du 2010etik kendutakoa itzultzea.

LAB sindikatuak azaldu duenez, sindikatu abertzalearen abokatuak eta zuzendaritzak akordioa lortu zuten joan den astean, irratietako epaia EiTBnet-eko langileei ere ezartzeko. Hori dela eta, gaur ezagutu den erabaki judizialak eitb.eus weguneko langileei ere eragiten die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza EAE albisteak Patxi Lopez albistak Eguneko albisteak Euskadi Irratia EAEko Justizia Auzitegi Nagusia Eguneko albisteak Irrati programazioa Lansariak