Ekonomia -

LAN-GATAZKA

Erakundeen esku-hartzea eskatu dute Guggenheim Museoko hezitzaileek

ManpowerGroup Solutions enpresako hamazortzi beharginek Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren esku-hartzea eskatu dute gatazka konpontzeko.

Manpower Group Solutions enpresako behargin batzuk. Argazkia: EiTB
Manpower Group Solutions enpresako behargin batzuk. Argazkia: EiTB
Manpower Group Solutions enpresako behargin batzuk. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Guggenheim Museoan hezitzaile eta orientatzaile gisa lanean ari diren ManpowerGroup Solutions enpresako hamazortzi beharginek Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren esku-hartzea eskatu dute, gatazka konpondu ahal izateko.

Astearte honetan, abuztuak 23, lan-baldintza hobeak eskatzeko deitu dituzten zortzi greba-egunetako seigarrena izan da. Langileek salatzen dutenaren arabera, museoko arduradunek "ez dute egoera hobetzeko asmorik", eta gatazka konpontzeko ardura ez dutela euren gain hartu kritikatu dute.

Egoera horren aurrean, lanuzteekin jarraitzea erabaki dute, abuztuaren 26an eta 30ean eta irailaren 1ean. Hala, erantzunik gabe jarraitzekotan, greba mugagabea egitekoa asmoa dutela iragarri dute.

Dena den, greba-deialdiak bertan behera uzteko prest daudela jakinarazi dute langileen ordezkariek, “betiere, subrogazioa egongo dela eta eskatzen duten lanbide-kategoria aitortuko dietela bermatuz gero”.

Manpower enpresak Bilboko museoarekin 2014. urtean adostu zuen zerbitzu-kontratua dago gatazkaren oinarrian. Irailaren 30ean bukatuko da, eta esleitzeko lehiaketa deitu behar da berriz.

Kontratazioan subrogazio-klausula bermatzea eskatzen dute hezitzaileek, urriaren 1etik aurrera museoan lan egiten jarraitu ahal izateko. Halaber, lan-baldintzak hobetzea eta euren kategoria profesionala bermatzea ere eskatzen dute, “prestakuntza maila altuko lanak prestakuntzarik gabeko langileen prezioan” egiten dituztelako.

Greba mugagabea egingo duten hamazortzi langileek arteari buruzko elkarrizketak izaten dituzte museoaren aretoetan, eta bisita gidatuak egiten dituzte, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilboko azken albisteak Guggenheim Bilbao museoaren erakusketak Zer gertatu da Bizkaian? Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak