Ekonomia -

Euskadiko Lan Txostena

EAEk 31.900 enplegu berreskuratu ditu azken 12 hilabeteotan

Datu ezkorrik ere bada: 45 urte gorakoen kopuruak gora egin du langabeen artean. Emakumeek ere zailtasunak dituzte lan merkatura batzeko.

Lana lortzen duten emakumeen proportzioaren gorakada gelditu egin da. EiTB
Lana lortzen duten emakumeen proportzioaren gorakada gelditu egin da. EiTB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) ia 32.000 enplegu berreskuratu ditu azken urtebetean, EHUk 2016ko azken hiruhilekoari dagokion Euskadiko Lan Txostenak jaso duenez. Hala, 2010etik lehenengo aldiz, landunen proportzioa % 50era iritsi da heldu guztien artean.

Era berean, behin-behineko enpleguen eta lanaldi partzialaren gorakada gelditu egin da, txostenean jaso dutenez. Lan kontratua duten beharginen % 24k aldi baterako kontratu du.

Ikerketaren arduradunek ohar batean nabarmendu dutenez, langabe ugarik adinaren arazoa dute; izan ere, langabeen artean gero eta gehiago dira 45 urtetik gorakoak. Ekonomia hobetzen ari dela dirudien honetan, badirudi adin talde horretakoek, 25 urtetik beherakoekin batera, 25 eta 44 urte bitarteko pertsonek baino zailtasun handiagoak dituztela enplegua lortzeko.

Genero aldetik ere badaude ezberdintasunak. Txostenak agerian utzi duenez, azken 12 hilabeteotan gelditu egin da landunen arteko emakumeen proportzioaren gorakada. EHUko adituen ustez, datu horrek zerikusi handia du "ziklo ekonomikoan gizonek erantzun handiagoa" eman izanarekin. Hau da, gizon gehiagok galtzen dute enplegua atzeraldietan, baina gizon gehiagok lortzen dute lana hedatze garaietan. Hori horrela, Euskadi enplegua berreskuratzeko bidean den honetan, gizonek emakumeek baino etekin handiagoa ateratzen diete enplegu eskari berriei. Emakumeak ez hain ziklikoak diren sektoreetan daude murgilduta, hala nola, hezkuntzan, osasun arloan eta Administrazio Publikoan, besteak beste.

Bada datu positiborik, ordea. 12 hilabete hauetan 31.900 landun gehiago, eta 6.800 langabe gutxiago izan dira. Heldu guztien artean, landunen proportzioa % 50era iritsi da, 2010etik aurrenekoz. Ildo beretik, azken 12 hilabeteetan 25.100 herritar gutxiago egon dira lanik gabe, eta horrek herritarren lan aukerak hobetu direla erakusten du, txostenaren egileen aburuz. Euren hitzetan, hasi berri den berreskuratzea ikusirik, biztanleak enplegu bila hasten dira, eta, horren ondorioz, aktibo bilakatzen dira.

Gainera, langabezia tasa % 12,8ra txikitu da, duela zehazki urtebeteko tasak baino puntu bat gutxiago ia-ia. Estatu osotik, EAEk eta Nafarroak dituzte langabezia tasa apalenak.

Iraupen luzeko langabeen kopuruak behera egin du, nahiz eta beherakada txikia izan. 100 langabetik 64k urtebete baino gehiago daramate lan bila, eta hori da, txostenaren egileen ustez, "krisiak utzi duen ondoriorik larriena".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Langabezia Espainian 2024 EHU Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia albisteak