Ekonomia -

Nafarroa

Nafarroako Hezkuntzako LEPko euskarazko 100 lanpostuak, bertan behera

Administrazioarekiko auzien Salak Afapna sindikatuak jarritako helegitea aintzat hartu du.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu Foru Gobernuak urte hasieran onartutako Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoan (LEP) euskarazko eskakizunarekin ateratako 100 lanpostuak.

Administrazioarekiko auzien Salak Afapna sindikatuak jarritako helegitea aintzat hartu du eta LEPko euskarazko 100 lanpostuak baliogabetu ditu, lantalde organikoan euskarazko hizkuntza eskakizun zehatzik ez dagoela argudiatuta.

Afapna sindikatuaren esanetan, Hezkuntza Sailak ez zituen bete lantalde organikoan ezarritako irizpideak; izan ere, irizpideetan ez baita zehazten zein lanpostutarako den nahitaezkoa euskara jakitea.

Sindikatuaren arabera, bete gabeko lanpostuak lan poltsa bakarrean daude eta maisu-maistrako postuak (B maila) edota Bigarren Hezkuntzako (A maila) postuak diren soilik zehazten da.

Foru dekretuak, berriz, lantalde organikoren irizpideetan ez dagoen bereizketa egiten omen zuen gaztelaniaren eta euskararen artean.

Orain Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzien Salak ebatzi duenez, lantalde organikoetan zehaztu beharko da zein lanpostutarako behar den euskara jakitea.

Nafarroako Gobernuak ebazpena aztertuko du

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea “kezkatuta” agertu da Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetu duen ebazpenarekin eta epaia aztertuko dutela iragarri du.

“Ez dugu baloraziorik egingo baliogabetze horren arrazoiak eta argudioak zeintzuk diren aztertu gabe”, erantsi du.

EH Bilduk epaiaren kontrako helegitea jartzeko eta hautaketa prozesuarekin aurrera jarraitzeko eskatu dio Foru Gobernuari, “langileak lasaitzeko asmoz”.

“Irakasleak pairatzen ari diren gatazkak, epaiak eta tentsioak zerrenda bakarraren bidez saihestu ahal izango ziren”, gogoratu du koalizio soberanistak.

“Zerrenda bakarraren proposamena EH Bilduk egin zuen, baina Hezkuntza Departamentuak baztertu egin zuen 2016ko Lan Eskaintza Publikoaren deialdia egiteko”, deitoratu du.

UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, Jose Luis Mendozak Hezkuntza kontseilari karguan jarraitu ezin duela esan dute. Ildo horretan, haren dimisioa edo kargugabetzea eskatu dute.

Sindikatuen erreakzioak

Bestalde, Lan Eskaintza Publikoaren kontrako salaketa jarri zuen Afapna sindikatuak “eskua luzatu” dio Nafarroako Gobernuari, “oposiziogileei kalterik egin gabe arazoa konpontzeko”.

ELAk Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoa defendatu du eta ebazpena “lotsagarritzat” jo du. Nafarroako Gobernuari epaiaren kontrako helegitea jartzeko deia egin dio, “bere langileak babesteko”.

CSIF sindikatuak negoziazioa berriro abiarazteko galdegin dio Hezkuntza Departamentuari.

STEILAS sindikatuak “kezka handiz” hartu du erabakia eta ebazpena zorrotz aztertu ostean egingo du balorazioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Gaurko albisteak Nafarroan Funtzionarioak Ekonomia berriak Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua berriak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusia Hezkuntza sistemako albisteak Irakasleen albisteak