Ekonomia -

Administrazio publikoa

Jaurlaritzak urtarrilaren 5ean ordainduko du 2017ko lehen ordainsaria

2017ko uztaileko ordainsaria jasoko dute langile publikoek. Bestalde, Nafarroako Gobernuak urtarrilaren 6a baino lehen ordainduko du 2012ean ezabatutako aparteko ordainsariaren erdia, falta dena.

Lakua. Artxiboko argazkia: EiTB
Lakua. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 5ean ordainduko die 2017ko lehendabiziko ordainsaria, uztailari dagokiona aurreratuta, 70.000 funtzionario eta langile publikori.

Jaurlaritzak aparteko ordainsaria aurreratzea erabakitzen duen laugarren urtea da. Iñigo Urkulluren Gobernuko iturrien esanetan, oraindik ere goizegi da aparteko ordainsariak dagokien garaian kobratzeko. Jaurlaritza 2012an hasi zen ordainsariak urtarrilera eta uztailera aurreratzen, hain justu, Espainiako Gobernuak abenduko ordainsaria ezabatu ondoren.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak datorren urtean ordainduko die langile publikoei 2012an ezabatutako abenduko aparteko ordainsariaren % 25a. Ordainketa hori egindakoan, ordainsariaren % 25 ordaintzea faltako da.

Nafarroako Gobernuak 2012ko abenduko ordainsariaren erdia ordainduko du

Nafarroako Foru Gobernuak urtarrilaren 6a baino lehen ordainduko die langile publikoei 2012an ezabatutako abenduko aparteko ordainsariaren ia erdia, alegia, falta zen zatia. Neurriak 27.952 langileri eragingo die eta 24.504.222 euroko gastua izango du Foru Gobernuarentzat.

2012an ezabatutako abenduko ordainsariaren lehen zatia (% 24,04) 2015eko martxoan ordaindu zuen Foru Gobernuak eta, bigarren zatia (% 26,23), berriz, 2016ko urtarrilean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Eusko Jaurlaritza EAE Funtzionarioak bideoak Ekonomia 2024 Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua albisteak