Ekonomia -

Garraio publikoa

Lurraldebusek zerbitzua emango du Urtezahar gauean

Greba-deialdia bertan behera utzi ostean, gaueko zerbitzuak izango dira Irun, Hondarribia, Errenteria eta Pasaia Donostiarekin lotzen dituen lineetan. Ez da zerbitzurik izango Donostiatik Hernanira.

Lurraldebuseko autobusa. Argazkia: EiTB
Lurraldebuseko autobusa. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lurraldebusi zerbitzua eskaintzen dioten Ekialdebus autobus zerbitzuetako langileek bertan behera utzi dute Gabon Zahar gauerako deitutako greba, akordioa lortu ostean. Beraz, gaueko zerbitzuak izango dira Irun, Hondarribia, Errenteria eta Pasaia Donostiarekin lotzen dituen lineetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ostegun honetan jakinarazi duenez, langileekin lortutako akordioari esker posible izan da greba bertan behera gelditzea.

Marisol Garmendia Mugikortasun zinegotzia pozik azaldu da "Urtezahar gauerako aurreikusitako greba bertan behera uztea eragin duen akordioagatik", ohar batean adierazi duenez. Beraz, gaueko zerbitzua izango dela gaineratu du.

Garmendiak akordio batera iristeko langileen partaidetza eta esfortzua eskertu ditu; "bi parteek zerbait eman dute, eta herritar guztiei egin diete mesede".

Horrela, gaueko zerbitzuak izango dira Irun, Hondarribia, Errenteria eta Pasaia Donostiarekin lotzen dituen lineetan.

Autobus zerbitzuak etenaldi bat egingo du abenduaren 31n, 21:00etatik 01:00era, modu boluntarioan lan egiteko prest dauden langileek Urtezahar gaua euren senideekin pasatu dezaten.

Urteberri eguneko goizeko lehen zerbitzuei dagokienez, hasiera batean aurreikusi baino zertxobait geroago hasiko dira, 08:00etan, hain zuzen.

Aldundia udalerrietako alkateekin harremanetan jarri da, udaltzaingoaren laguntza eskatzeko, gidarien segurtasuna bermatzeko asmoz.

Grebari eutsi diete Donostialdea Astigarraga eta Hernanirekin lotzen dituen lineetako langileek

Lurraldebusi zerbitzua eskaintzen dion HASA autobus zerbitzuetako langileek Urtezahar gauerako deitutako grebari eutsi diote eta, beraz, ez da gaueko zerbitzurik izango Donostialdea Astigarraga eta Hernanirekin lotzen dituen autobus lineetan. Langileen esanetan Gipuzkoako Foru Aldundiak autobusetan segurtasuna bermatzeko hartutako neurriak ez dira nahikoak.

HASA enpresan ordezkaritza duen UGT sindikatuaren esanetan, greba hori sagardo denboraldiko eta herriko jaietako gaueko zerbitzuetara luza daiteke. Gaineratu duenez, politikarien eta enpresaburuen ardura ezin da autobus gidarien gainera bota.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Gaurko albisteak Gipuzkoa Hernani albisteak Grebak gaur Hondarribia albisteak Gizartea bideoak Irun argazkiak Pasaia bideoak Gaurko azken orduko albistea Lurraldebus azken ordukoa