Ekonomia -

Merkataritza

Merkatari eta kontsumitzaileak, ordutegien liberalizazioaren aurka

Ordutegien eta merkealdien liberalizazioa kate handientzako soilik izango dela mesedegarria eta merkatari txiki eta ertainen kalterako izango dela ohartarazi dute.

Sindikatuak
Sindikatuak
Merkataritza dekretua aintzat ez hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari

1:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskaldendak merkatari elkarteak, sindikatuek (ELA, LAB, CCOO eta UGT) eta EKA eta EKE kontsumitzaile elkarteek bat egin dute merkataritzaren liberalizazioa salatzeko. Ordutegien eta merkealdien liberalizazioak merkatari txiki eta ertainak, langileak eta kontsumitzaileak kaltetuko dituela ohartarazi eta egungo eredua defendatzeko deia egin dute.

Joan den abenduan Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen Eusko Jaurlaritzak merkataritzaren liberalizazioaren aurka jarritako helegitea eta berretsi egin zuen ordutegiak luzatzeko eta merkealdiak nahieran ezartzeko aukera.

Aipatu eragileek bat egin dute “euskal merkataritzaren kontrako erasoaren aurrean” eta araudi berriaren hiru neurri zehatz azpimarratu dituzte: batetik, beherapenak urteko edozein egunetan ezartzeko aukera izango dela; bestetik, denden ordutegia 72 ordutik 90ra luzatuko dela; eta azkenik, 150 metro karratu baino gehiagoko komertzioek urteko hamar jaiegunetan ireki ahal izango dutela (egun zortzi jaiegunetan ireki dezakete).

Gauzak horrela, Autonomia Estatua “mugatuta” dagoela eta “Madrilen inposatutako erabakien menpe” dagoela agerian geratu dela erantsi dute.

“Merkealdien liberalizazioak kate handiei soilik egiten die mesede eta denda txikien eta ertainen kalterako da, handien eskaintza eta prezioekin lehiatzerik ez dutelako”, kritikatu dute.

Ordutegiak liberalizatzearen eta jai-egun gehiagotan irekitzearen kontra ere egin dute, “merkatari txiki eta ertainei min egiteaz gain, sektore honetako langileen eta kontsumitzaileen kalterako ere izango delako”.

“Merkatari txiki eta ertainek ordu eta egun gehiagotan egin beharko dute lan, kate handiekin lehiatzeko; eta horrek esfortzu handiagoa suposatzen du, baina ez errentagarritasun gehiago”, ohartarazi dute.

Horrez gain, langileen lan-baldintzak okertu egingo direla adierazi dute, “ordutegien malgutasunak bultzatuta; izan ere, kate handiek ez dute kontratazio berririk egingo, egungo langileek lan-karga handituko dute, ordu estrak egitera behartuta”.

“Neurri horiekin ez da enplegua sortzen; neurri horiekin enplegua suntsitzen da”, nabarmendu dute.

Bestalde, kontsumitzaileen elkarteek gaineratu dute egungo ordutegia nahikoa zabala dela “kontsumitzaileen beharrizanak asetzeko”. “Badira kontsumitzaileak denda guztiak egun guztietan eta ordu guztietan irekita egotea nahiko dutenak, baina hori ez da kontsumitzaile arduratsu eta zentzudunaren adibidea”, azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea bideoak Ekonomia albisteak Albisteak Merkealdiei buruzko albisteak Merkataritza albisteak CCOO