Ekonomia -

Lan gatazka

Greba egingo dute otsail osoan Bizkaiko zahar-etxeetan

ELAk greba egitera deitu otsail osoan 'gelditu gabe', ez baitu ikusten 'negoziatzeko inolako borondaterik'.

Manifestazioa Bilbon erresidentziak
Manifestazioa Bilbon erresidentziak
Manifestazioa Bilbon erresidentziak

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak greba deitu du otsail osorako Bizkaiko zahar-etxeetan, ez baitu ikusten "negoziatzeko inolako borondaterik" sektoreko patronalean.

Nahiz eta sindikatuko ordezkariek azken asteetan "topaketaren bat" egin duten patronalarekin zein Bizkaiko Aldundiarekin, ez dago adostasunerako zantzurik alderdien artean, jarrerak "oso aldenduta" baitaude. Hala baieztatu dio Efe agentziari Gaizka Miguel ELAko ordezkariak.

ELAk "inplikazio gehiago" eskatu dio Aldundiari akordioa adostu ahal izateko, eta gutxieneko zerbitzuak areagotzen dituenean "patronalaren immobilismoa babesten du", salatu du, "erabiltzaileentzat ondorio larriak" eragiten direla aitzakiatzat hartuta. Aldi berean, Diputazioak enpresei "ematen ez duten zerbitzu bategatik ordaintzen die", gaineratu du.

Sektoreko ordezkariek bilera egin dute ostiral goizean, eta beren aldarrikapenak aintzat hartzen dituzten arte protestak egiten jarraituko dutela aurreratu dute. Besteak beste, "ratioak hobetzea, zahar-etxeetako langile kopurua areagotzea eta lan-baldintza duinak izatea" eskatzen dute. Azken hori hilero 100 euro gehiago irabaztea edota urtean zehar 100 ordu gutxiago lan egitea ekarriko luke.

Langileek ohartarazi dutenez, eskatutako hobekuntzak onartzen ez badira, euren aldarrikapenak "beste esparru batzuetara" eramango dituzte, eta mobilizazioak areagotzeko asmoa dute.

Greba otsailaren 1ean bertan hasiko da, eta orain arte egindako 75 lanuzteei gehituko zaie, oraingoa, baina, orain arteko luzeena izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Eusko Langileen Alkartasuna albisteak Grebak Ekonomia berriak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Adinekoentzako egoitzak Bizkaiko Foru Aldundia