Ekonomia -

Bilera Jaurlaritzarekin

Funtzio Publikoko sindikatuek langileen soldatak igotzea eskatu dute

Funtzio Publikoko Mahaiak legegintzaldi honetako lehen bilera egin du gaur, baina ez da inolako akordiorik izan.

Sindikatuek bilkura egin dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Argazkia: EFE
Sindikatuek bilkura egin dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Argazkia: EFE
Akordiorik ez Funtzio Publikoko mahaiaren lehen bileran

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Funtzio Publikoko Mahaiak legegintzaldi honetan egindako lehen bileran agerian geratu dira Eusko Jaurlaritzaren eta sektore publikoko sindikatuen arteko ezberdintasunak.

Azken bilera joan den urteko otsailean egin zuten. Gaurko bileran hainbat gai izan dituzte mahai gainean, hala nola, aurrekontuak, lanaldiak, bajen tratamendua eta 2012ko aparteko soldataren itzultzea.

Bilera hasi aurretik, Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak “batasuna” eskatu dio alde sozialari, “Administrazioak dituen erronka garrantzitsuei elkarrekin aurre egiteko”.

Eusko Jaularitzak administrazio publikoko sindikatuekin duen harremanetan “aro berri bat” hasi nahi duela esan du, aste honetan Euskal Herriko lau sindikatu nagusiek eta Confebask patronalak EAEko lan-hitzarmenak babesteko egin duten  itunaren haritik jarraituz.

Ildo horretan, Zearretak esan du Jaurlaritza “hitz egiteko eta negoziatzeko prest” dagoela, “Espainiako Gobernua EAEko funtzio publikoan egiten ari den inbasioari aurre egiteko”.

Batzarra amaituta, sindikatuek gogor kritikatu dute Iñigo Urkulluren Gobernuaren jarrera, “proposamen zehatzik eraman ez duelako”.

Zorretan duen aparteko ordainsariaren % 25a aurten ordaintzea eta gainerako % 25a 2018an itzultzea proposatu du Jaurlaritzak, baita soldatak % 1 igotzea ere, “KPIa baino gutxiago”.  Planteamendu guztiak atzera bota dituzte sindikatuek.

Aparteko ordainsariaren itzultzea “zentzuz” egitea babestu du Zearretak, Jaurlaritza “egoera ekonomiko konplikatu bat kudeatzen ari dela kontutan hartuta”.

ELAk, baina, “erosteko ahalmena berreskuratzea” exijitu du, baita “2012ean kendutako aparteko soldata bueltatzea” ere. Lan-baldintza duinak berreskuratzea ere eskatu du, besteak beste, 35 orduko lanaldia astean, eta ezinbestekotzat jo du “kalitatezko 35.000 enplegu iraunkor sortzea eta mantentzea”.

Bide horretan, lanpostu estrukturalak zehaztea eta lan-eskaintza publikoa deitzea, pribatizazioa etetea eta zerbitzuak ez azpikontratatzea beharrezkoa dela esan du.

Aitzitik, Jaurlaritzak asmo horiek guztiak atzera bota dituela salatu du eta, ondorioz, mobilizaziorako deia egin die ELAk funtzionario guztiei, Urkulluren Gobernuaren politika “errotik aldatzeko”.

LAB sindikatuak ere ildo beretik hitz egin du. Adostasunetara heltzeko “inolako aukerarik” izan ez dela azpimarratu du: “Jaularitzak beste lehentasun batzuk ditu, sailburuordeak akordioetara heldu nahi duela esan arren”.

Orain arte aplikatu dituzten “murrizketak bertan behera uztea” galdegin du LABek, langileek erosteko ahalmena berreskura dezaten. Aldi baterako kontratazioak gutxitzea eta bajaren lehen egunetik soldataren % 100a ordaintzea ere eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak ELA albisteak LAB albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia berriak Gaurko azken orduko albistea