Ekonomia -

EUSTATen datuak

EAEko ekonomia % 3,1 hazi zen 2016an, uste baino hamarren bat gehiago

Joan zen urte osoko Barne Produktu Gordina 2015ean izandakoa baino bi hamarren gehiago da, % 2,9koa izan baitzen ordukoa.

Ekonomia
Ekonomia
Ekonomia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia % 3,1 hazi zen joan zen urtean, Eusko Jaurlaritzak azaroan egindako azken aurreikuspenetan aurreratutakoa baino hamarren bat gehiago.

Eustatek (Euskal Estatistikak Erakundea) urteko laugarren hiruhilekoari buruzko datuen aurrerapena plazaratu du gaur, eta tarte horretan Barne Produktu Gordinak (BPG) %2,9ko hazkundea izan zuela azaldu du, hau da, Eusko Jaurlaritzak aldi horretarako egin zuen aurreikuspena baino hamarren bat gehiago ere.

Joan zen urte osoko Barne Produktu Gordina 2015ean izandakoa baino bi hamarren gehiago da, % 2,9koa izan baitzen ordukoa.

Industria eta zerbitzuetako hazkundea batez bestekoaren inguruan ibili da; aldiz, lehen sektorean eta eraikuntzan hazkunde apalagoak izan dituzte. Alabaina, Eustatek azpimarratzen duenez, eraikuntzan hazkundea eman da bigarren urtez jarraian, aurreko zazpi urteetan emaitza negatiboak pilatu ondoren.

Enpleguari dagokionez, dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuetan neurtuta, % 1,9 gehitu da aurreko urteko hiruhileko beraren aldean. Duela bi hilabete Eusko Jaurlaritzak % 1,8koa izatea espero zuen.

Bestalde, urritik abendura BPGa % 0,6 igo zen aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.

EAEko ekonomiak azken hiruhilabetekoan izandako hazkundea, batez ere, zerbitzuen sektorearen eboluzio onean oinarritu da, eta horri industrian hazkunde-erritmoari eutsi zaiola gehitu behar zaio.

Ekonomia Sailburuaren agerraldia

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak prentsaurrekoa eman du Eustatek jakinarazitako datuei buruz hitz egiteko.

Hedabideen aurrean egindako agerraldian baieztatu duenez, euskal ekonomiaren hazkundea "sendoa" da, 2016an % 3,1 hazi ostean.

Gogoratu duenaren arabera, aipatu hazkundea berak zuzentzen Sailak egin zuen aurreikuspenetik hamarren bat gora dago, eta nabarmendu nahi izan du Goranzko berrikuspenak "etengabeak" izan direla urtean zehar.

Sailburuaren esanetan, euskal ekonomiaren hazkundeak "aurreikusitako dezeleraziorako joera" erakutsi zuen, baina "esperotakoa baino intentsitate txikiagokoa".

Horrenbestez, egoera horrek "abiapuntu onean kokatzen du" EAEko ekonomia 2017ra begira (Jaurlaritzak BPGa % 2,3 haziko dela aurreikusten du).

Enpleguari dagokionez, 2016an % 1,9 hazi zela azpimarratu du. Zifra horrek esan nahi du lanaldi osoko 16.500 lanpostu baino zerbait gehiago sortu zirela.

Aldi berean, bere iritziz, etorkizunari begira soldatak "gora" egin dezakete "ekonomia dinamizatzeko". "Uste dugu produktibitatearen hazkundeak soldatak igotzeko ahalmena ematen digula inflaziorik eragin gabe", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia 2024 Gaurko azken ordukoa Industria sektorea gaur Eustaten datuak BPGd