Ekonomia -

2017ko urtarrileko langabezia

Langabeziak gora egin du urtarrilean, EAEn zein Nafarroan

2017ko urtarrileko langabeziaren datuak: Euskal Autonomia Erkidegoan igoera % 2,13koa izan da; Nafarroan, berriz, % 2,99 egin du gora.

Gabonetako kanpainaren amaierak langabezia igo du

1:32

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegu Zerbitzu Publikoaren bulegoetan erregistratutako datuen arabera, 2017ko urtarrilean aurreko urteko azken hilabetean baino 2.904 pertsona gehiago (% 2,13) zenbatu dituzte langabezian. Horrenbestez, guztira 139.077 lagun daude egoera horretan, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak gaur jakitera eman duenez.

2016ko urtarrileko datuekin alderatuz gero, 15.715 langabe gutxiago daude EAEn, hau da, % 10,15eko jaitsiera izan du urtebetean, Estatuko batez bestekoaren gainetik (% 9,41).

Azterketa hori lurraldez lurralde eginda, urtarrilean 1.388 pertsona gehiago zenbatu dituzte lanik gabe Bizkaian (% 1,80); 864 gehiago, Gipuzkoan (% 2,34), eta 652 gehiago, Araban (% 2,95).

Aitzitik, 2016ko urtarrileko datuekin alderatuta, langabeen kopuruek behera egin dute: 8.267 langabe gutxiago, Bizkaian (-% 9,53); 4.782 gutxiago, Gipuzkoan (-% 11,22), eta 2.666 gutxiago, Araban (-% 10,48).

Sailburuaren iritzia

Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak Radio Euskadin izandako elkarrizketa batean esan duenez, langabezia datuek gora egin arren, "duela 17 urtetik hona izandako urtarrilik onena izan da".

"Hau da, joera ona da oraindik, langabezia behera egiten ari baita, baina badakigu urtarril guztietako datuak txarrak izan ohi direla Gabonetako eta merkealdiko kanpainak direla-eta egindako kontratuak murriztu edota amaitu egiten direlako", azpimarratu du Artolazabalek.

Nafarroan ere, gora

Nafarroako Foru Erkidegoan ere, gora egin du langabeziak urtarrilean (% 2,99), 1.197 lagun gehiago baitaude lanik gabe (41.242, guztira).

Urte arteko datuak aztertuta, berriz, langabezia % 8,58 jaitsi da 2016ko urtarriletik hona, 3.871 langabe gutxiago baitaude.

Espainiako Estatuari dagokionez, langabeziaren datua hazi egin da: abenduan baino 57.257 langabe zenbatu dituzte. Guztira, beraz, 3.760.231 langabe daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia gaur Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Nafarroako albisteak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia berriak Gaurko azken orduko albistea