Ekonomia -

2016ko ekitaldia

Diru-bilketan izandako beherakada aztergai, Finantzen Kontseiluan

Horrez gain, Kupoaren datuak eta 2017rako ekarpenak aztertuko dituzte Jaurlaritzak eta hiru aldundiek.

Euskal Finantzen Kontseiluaren azken bilera. Argazkia: EiTB
Euskal Finantzen Kontseilua. EiTB
Euskal Finantzen Kontseiluaren azken bilera. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2016ko diru-bilketan izandako beherakada aztertuko dute astelehen honetan, Gasteizen, Euskal Finantzen Kontseiluaren bileran. Iazko ekitaldirako ezarritako helburutik behera bildu zuten aldundiek, zehazki, 71 milioi gutxiago.

Behin-behineko datuen arabera, 2016an 12.954 milioi euro bildu zituzten zerga bidez hiru aldundiek. Hau da, diru-bilketa % 2,7 hazi zen, baina aurreikuspena hortik gora zegoen (% 3,3).

Iazko urrian egin zuen azken bilera Euskal Finantzen Kontseiluak (Eusko Jaurlaritzak eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako aldundiek osatzen dute). Diru-bilketan esperotako hazkundea egongo ez zela ikusita, aurreikuspena jaitsi egin zuten. Izan ere, bilketa % 7 hazi eta 13.498 milioi euro bilduko zituztela aurreikusi zuten urte hasieran.

Aurreikuspena jaitsita ere, bildutakoa ez zen kopuru horretara iritsi, eta esperotakoa baino puntu erdi gutxiago batu zuten aldundiek.

Lurraldeka, Bizkaian bildu zuten gehien, eta bilketa aurreikusitako kopurutik gertu geratu ziren, 6.715 milioi euro batu baitzituzten (2015ean baino % 3,1 gehiago, baina % 3,4 gehiago biltzea espero zuten). Araban 2.041 milioi bildu zituzten (% 2,4ko hazi zen bilketa, eta % 3,1 haztea aurreikusi zuten) eta Gipuzkoan, 4.198 milioi (% 2,3 gehiago, baina % 3,3 gehiago biltzea aurreikusi zuten).

Kupoa eta ekarpenak

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak iragarri duenez, diru-bilketaren beherakada aztertu eta zergaren batekin arazorik egon ote den aztertuko dute.

Horrez gain, 2016ko Kupoaren datuak emango dituzte, baita aldundiek Jaurlaritzari eman beharreko ekarpenen nondik norakoak.

Hain justu, Ekarpen Lege berria egiteko lehen pausoak eman zituzten ostiralean Jaurlaritzak eta aldundiek. Egun 2012ko araudia dago indarrean.

Bestalde, Doikuntzaren Funtsaren zenbatekoa ezarriko dute.

Batzarra 11:00etan abiatuko da Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan. Bertan izango dira Josu Erkoreka (Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua) eta Pedro Azpiazu (Ogasun eta Ekonomia sailburua). Haiekin batera, besteak beste, Imanol Landa Eudeleko presidentea, hiru ahaldun nagusiak eta Ogasun diputatuak izango dira.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Arabako berriak Eusko Jaurlaritza berriak EAE Ekonomia berriak