Ekonomia -

Zama sektorearen erreforma

Espainiako Gobernuak zamaketarien sektorea liberalizatzea onartu du

Erreforma onartuta, zamaketariek hiru astetan lanuzteak egingo dituzte, martxoaren 6tik aurrera, Estatuko portuetan.

Iñigo Mendez de Vigo eta Iñigo de la Serna ministroak. Argazkia: EFE
Iñigo Mendez de Vigo eta Iñigo de la Serna ministroak. Argazkia: EFE
Iñigo Mendez de Vigo eta Iñigo de la Serna ministroak. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak portuetako karga-sektorearen liberalizazioa ekarriko duen erreformarako Lege Dekretua onartu du ostiral honetan, Europako araudia betetzeko asmoz. Erabaki honek Estatuko portutan lan egiten duten 6.150 zamaketariengan izango du eragina.

Joan den astean sindikatuek ohartarazi zuten martxoaren 6tik aurrera hiru astetan lanuzteak egingo dituztela, Espainiako Gobernuak erreforma gaur onartzen bazuen, langileen ordezkariak patronalarekin hasi dituzten negoziazioak amaitu arte itxaron barik.

Nolanahi ere, Ministroen Kontseiluak onartutako erreforma Kongresuan eztabaidatu beharko dute orain eta Espainiako Gobernuak hilabeteko epea izango du egitasmoa aurrera  ateratzeko behar duen babesa lortzeko.

Hori dela eta, Iñigo de la Serna Sustapen ministroak azpimarratu du gaurko erabakia ez dela prozesuaren amaiera eta orain negoziazio kolektiboaren eta eztabaida parlamentarioaren unea dela.

Horrenbestez, negoziazioak “areagotzeko” deia egin die ministroak patronalari eta sindikatuei, Europako Batzordeak lege horretan jasotzea ahalbidetzen ez dituen aldarrikapenak adosteko eta greba saihesteko.

Talde parlamentarioei, berriz, “arduraz” jokatzeko eskatu die, erreforma onartuta eta interes alderdikoiak baztertuta.

Amaitzeko, De la Sernak adierazi du portuetako grebak ondorio ekonomiko larriak izan ditzakeela, baina lanuzteak aurrera egiten badu plan alternatibo bat prest daukatela erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana Espainiako Gobernua bideoak Ekonomia albisteak Gaurko azken orduko albistea