Ekonomia -

'Euskal Y'a

AHTa hiriburuetan nola sartuko den behin betiko erabakitzeko, bilera

Arantxa Tapia sailburua eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkateak Sustapen ministroarekin bilduko dira arratsaldean, akordioa ixteko.

Horrelakoa izango da AHTren sarrera Donostian. IREKIA
Donostiako AHTren sarbidea. IREKIA
Horrelakoa izango da AHTren sarrera Donostian. IREKIA

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako ordezkari nagusiak Madrilen izango dira gaur, Iñigo de la Serna Sustapen ministroarekin bilera egiteko. Abiadura Handiko Trena (AHT) izango dute hizpide, Bilbon, Donostian eta Gasteizen nola sartuko den behin betiko erabakiko baitute.

Adifeko eta Euskal Trenbide Sareko (ETS) adituek asteak daramatzate txosten teknikoak egiten. Bilbokoa eta Donostiakoa erabakita dago; Gasteizkoan, berriz, hainbat aukera daude mahai gainean. Horrez gain, Arabako hiriburuaren iparraldea Arratzua-Ubarrundiarekin nola lotu aztertu behar dute; izan ere, bertatik egingo dute Bergarako lotunearekin konexioa, hau da,  'Euskal Y'aren  hiru adarrak batzen diren gunearekin.

Batzarra 17:00etan da hastekoa, Sustapen Ministerioaren egoitzan, eta Tapia sailburua eta Juan Maria Aburto, Eneko Goia eta Gorka Urtaran (Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkateak, hurrenez hurren) ere dira joatekoak.

Aldeek Madrilen duela hilabete izandako bileran, hiru euskal hiriburuen sarbidea nolakoa izango zen zehaztu zuten.

Gasteizkoa, erabakitzeke

AHTaren Bilboko sarbidea lurperatu egingo dute Abandoko geltokian, eta Donostian Tabakalerarekin bat egingo du. Bi proiektu horiek zehaztuta daude jada. Gasteizkoa, ordea, erabakitzeke dago, eta hainbat aukera aztertzen ari dira.

Aukeretako bat egungo trenbidea Arkauti mendebaldean lurperatzea da, beste bat Arkauti paretik joango litzatekeen biaduktu bat eraikitzea litzateke, eta hirugarren proposamenaren arabera, sarbidea zero kotan egitea da, Arkauti ekialdean.

Nolanahi ere, gauza bat argi dago: lurpean joango da, eta geltokia Gasteizko erdigunean egongo da.

Arabako hiriburuaren sarbidea ez ezik, Gasteiz Arratzua-Ubarrundia herriarekin nola lotu ere zehazteke dago. Bertatik egingo dute Bergarako lotunearekin konexioa, hau da,  'Euskal Y'aren  hiru adarrak batzen diren gunearekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Gasteizko Udala albisteak Donostiako Udala Bilbo gaur Donostia argazkiak Ekonomia 2024 Gasteiz Eguneko albisteak Abiadura Handiko Trena