Ekonomia -

2017ko kontuak

Aurrekontuei buruz 'akordio orokorra' lortu dute Jaurlaritzak eta PPk

Azpiazuren hitzetan, EH Bilduk "ez du proposamen zehatzik egin" eta Elkarrekin Podemosen baldintzak ezin zituzten onartu.

Pedro Azpiazu. EFE
Pedro Azpiazu. EFE
Jaurlaritzak PPrekin adostuko ditu aurrekontuak

1:49

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak baieztatu du berria: Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 2017ko aurrekontuak onartzeko moduan izango da Jaurlaritza, PPrekin 'akordio orokorra' erdietsi baitu.

Agerraldia egin du eguerdian sailburuak, eta aurretik Erkoreka bozeramaileak iradokitakoa berretsi du. Azaldu duenez, oposizioko alderdiekin bigarren bilera sorta amaituta, bilera egin zuen atzo Iñigo Urkullu lehendakariarekin, eta hartu-emanetan landutakoa aztertu zuten. Kontuak onartzeko boto baten faltan zegoen EAJren eta PSE-EEren koalizio gobernua, eta gutxienez talde baten abstentzioa behar zuen aurrekontuak onartzeko.

Ingurumari horretan gogorarazi duenez, Alderdi Popularra hasietatik azaldu da aurrekontuak babesteko prest, eta jarrera hori eduki izana "eskertu" du Azpiazuk. Atzo arratsaldean eurekin adostutako "esparru orokorra" abiapuntu hartuta, diru partidak, 25 milioi euro inguru, "zehazteko" lan "teknikoa" dute orain bi aldeek. Azpiazuren ustez, aurki itxiko dute behin betiko akordioa, "eroso antzera".

Negoziazio honek Espainiako aurrekontuen inguruko elkarrizketekin zerikusirik ez duela azpimarratu du Azpiazuk, kazetariek egindako galderei erantzunez. Izan ere atzo Maddalen Iriartek egindako adierazpenen inguruan itaundu diote. EH Bilduko bozeramailearen ustez, Madrilen "negoziazio mahai paraleloa" izan da. Halakorik egon izana ukatu du sailburuak, bi negoziazioak "independenteak" baitira.

EH Bildurekin, kritiko

Oposizioaren gainerako alderdiez ere mintzatu da Azpiazu sailburua. EH Bilduri egotzi dio "proposamen zehatz bakar bat ere ez" egitea eta Jaurlaritzarekin akordioa lortzeko aukerari "muzin" egitea. Salatu duenez, hedabideen bitartez jaso dute koalizioaren eskakizunen berri.

Elkarrekin Podemosen baldintzak ere ahotan hartu ditu sailburuak: "Jaurlaritzak ezin ditu onartu".

Alonso: "Elkartze bat behar da populismoaren mehatxuari aurre egiteko"

Euskadiko PPren presidentearen, Alfonso Alonsoren, ustez, akordiora iristeko izan den disposizioa politika nazionalera eraman daiteke, Espainian "alderdi moderatuagoak diren eta ikuspegi instituzionala duten alderdien elkartze bat behar delako populismoaren mehatxuari aurre egiteko".

"Jaurlaritzak PPrekin esklusiban egindako negoziazioa dela onartzen du, beraz, beste aukerak baztertu egingo dira", esan du Alonsok. Argitu duenez, "goiz" da Aurrekontuen edukiari buruzko akordio batez hitz egiteko, horretarako negoziazioa egiteko beharrezko bilerak egiteko zain gaude. Orduan izango da "aurrekontuaren partiden alorrera eta beste gaietara jaisteko garaia".

Alonsok azaldu duen arabera, akordio honekin Euskadiko politikaren egungo egoera beste egoera "pragmatiko, errealista eta moderatu" baterantz PP "balantza mugitu, erabakigarriak izan eta erabilgarriak izan" daitekeela espero du. Horretarako, "oso ezberdinak" diren, baina "bokazio instituzionalari dagokionez hainbat ezaugarri" partekatzen dituzten alderdi politikoen, PNV, PSE eta PPren, arteko akordioa lortuz.

Zentzu horretan, PP "egonkortasun eta moderazioaren" alde lan egingo delako "garantia" dela esan du. Azpimarratu duenez, "hazte ekonomikoa eta Ongizateko Estatuaren zaintza arriskuan jartzen dituzten politika erradikalak eta populistak geldiarazteko balazta" izango dira. "Akordioa egiteko prest gaude", gaineratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Euskadiko PP berriak Aurrekontu Publikoak 2024