Ekonomia -

Erreforma

Zamaketarien sektorea liberalizatzeko bozketa egingo dute Kongresuan

Zamaketariek eta Espainiako Gobernuaren ordezkariek ez dute akordiorik lortu. Madrilgo Kongresuan bozketa egin ostean erabakiko dute grebarekin jarraituko duten.

De la Sernak borondatezko aurrejubilazioak eskaini dizkie zamaketariei

1:08

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kongresuan zamaketarien sektorea liberalizatzeko lege dekretuaren inguruan bozketa egin aurretik, zamaketariek eta Espainiako Gobernuaren ordezkariek akordioa adosten saiatu dira. Dena dela, Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak egindako proposamena ez dute onartu, eta, ondorioz, ez dute akordiorik lortu.

Hori horrela, erreforma hori onartzen duten edo ez jakiteko bozketa egingo dute ostegun honetan Madrilgo Kongresuan. Dena dela, Espainiako Gobernuak ez du babes nahikorik izango dekretu hori onartzeko, alderdi gehienak kontra agertu baitira eta euren babesa adierazi baitiete zamaketariei.

“Gure ustez, Sustapen ministroak egindako proposamen horrek ez du bermatzen lana izaten jarraituko dugunik”, azpimarratu du Victor Diaz zamaketarien sindikatu nagusietako baten aholkulariak. “Subrogazioaren eta lan-baldintzen inguruan berriz negoziatzeko eskatu digu, besterik ez”, esan du zamaketarien eta Espainiako Gobernuaren ordezkarien arteko bilera amaitu ostean.

Espainiako Gobernuak langileei proposatu dien borondatezko aurretiko erretiroak hartzeko eskaintzari dagokionez, aholkulariak neurri positiboa dela esan du, baina arazoa konpontzeko ez dela nahikoa gaineratu du. Horren ustez, “zaila” da sektoreko langile batek borondatez lanik egin nahi ez duela erabakitzea.

Beste alde batetik, Pedro Garcia Anesco Zamaketarien Enpresen eta Ontzien Gordailuzainen Elkarte Nazionalaren ordezkariak eskerrak eman dizkie bileran parte hartu duten Espainiako Gobernuaren ordezkariei, eta egindako proposamena aztertu egingo dutela iragarri du.

Halaber, Madrilgo Kongresuan bozketa egin eta sektorearen liberalizazioa onartzen den edo ez jakin ostean, berriz hitz egingo dutela esan dute.

Emaitzaren berri izandakoan, grebari ekingo dioten edo ez erabakiko dute sindikatuek. Greba egitea erabakiz gero, ostiralean hasiko dituzte lanuzteak. Dena dela, negoziatzeko prest agertu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Lana Espainiako Gobernua albisteak Espainia Ekonomia Gaurko azken orduko albistea