Ekonomia -

EAE

Grebak % 75etik gorako jarraipena izan du, sindikatuen arabera

Eusko Jaurlaritzak zentroen % 90aren datuak bildu ditu, oraingoz, eta horietan grebaren jarraipena % 46koa izan dela esan du.

Gaur Bilbon egindako manifestazioa. Argazkia: eitb.eus
Gaur Bilbon egindako manifestazioa. Argazkia: eitb.eus
Hezkuntza publikoko grebak erantzun zabala izan du

1:28

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntza Publikoan (unibertsitatez kanpokoan) gaurko deitutako lanuztea irakasleen % 75ek baino gehiagok babestu dute, sindikatuen arabera. Guztira, 30.000 bat langile daude deituta greba egitera, murrizketen aurka. ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek —gehiengo sindikala EAEn— deitu dute greba.

Eusko Jaurlaritzak azken urteotan Hezkuntzan egindako "murrizketa bortitzak" salatu dituzte langileek. Sindikatuek ohartarazi dutenez, Jaurlaritzak egoera lehenbailehen "bere onera" ekartzen ez badu, "mobilizazio gehiago" egingo dituzte.

'Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki' lelopean, manifestazioak egin dituzte eguerdian EAEko hiriburuetan. Bilboko martxa Arriaga plazatik abiatu da, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean amaitu. Bertan, besteak beste, Xabier Irastorzak (ELA) eta Aitziber Perezek (LAB) hitz egin dute hedabideen aurrean. Horien esanetan, grebak "jarraipen zabala" izan du.

Murrizketak alde batera utzi, eta Hezkuntzak inbertsioak handitzeko eskatu dute. "Plantilak eta baliabideak handitzea eskatzen dugu. Onartezinak diren behin-behinekotasun mailak murriztea. Gelako ikasle kopurua murriztea. Soldatetan, ordezkapenetan, bajetan, erretiroan... ezarritako murrizketak alde batera uztea", esan dute.

LOMCE eta Heziberri bertan behera uztea ere eskatu dute sindikatuek. "Eta hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera utziz, hezkuntza berdintasuna, justizia soziala, integrazio eta gizarte kohesioa bermatzeko oinarrizko tresna izatea", gaineratu dute. Bide horretan "pausoak ematen hastea" eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, eta "horrela ez bada, hurrengo hilabeteetan greba eta mobilizazio dinamika areagotuko" dutela zehaztu dute.

Gaurkoa ez da aste honetan EAEko hezkuntza publikoan deitutako mobilizazio bakarra; izan ere, Ikasle Abertzaleak taldeak mobilizazioak egingo ditu bihar, hezkuntzako erreformen aurka.

Eusko Jaurlaritza

Eusko Jaurlaritzak zentroen % 90aren datuak bildu ditu, eta horietan grebaren jarraipena % 48,9koa izan dela esan du. Orain arte zenbatutako datuen arabera, 9.775 langilek egin dute bat lanuztearekin, irakasleen % 46a. Zenbateko hori sare publikoko irakasle guztien % 41 da.

Manifestazioak euskal hiriburuetan

Donostian, milaka lagunek hartu dute parte hiriburuko kale nagusietatik izan den manifestazioan. Hiru sindikatuetako ordezkariek pozik daude lanuztearen "gehiengoaren" jarraipena.

Bilbon, euripean egin dute manifestazioa, eta euskal zentro publikoetan lan-baldintzen hobekuntza eskatzeko eta "hezkuntza eraikitzearen" aldeko pankartak eraman dituzte.

Gasteizen, 2.000 lagunek hartu dute parte manifestazioan, eta "Uriarte, gero arte", "Uriarte, alde" eta "Hemen gaude, publikoaren alde" bezalakoak oihukatu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Eusko Langileen Alkartasuna albisteak Langile Abertzaleen Batzordeak Grebak Ekonomia 2024 Albisteak Hezkuntzako albisteak 2024