Ekonomia -

Eusko Jaurlaritzaren egitasmoa

8.800 milioiko inbertsioa 2020ra arte, langabezia % 10etik jaisteko

Iñigo Urkullu lehendakariaren esanetan, helburua susperraldi ekonomikoarekin batera "enplegu gehiago eta hobea" sortzea da.

Iñigo Urkullu lehendakaria, gaurko agerraldian. Argazkia: Irekia
Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: Irekia
Jaurlaritzak 3 urtean 45.000 lan posturen sorrera bultzatu nahi du

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 8.800 milioi euro bideratuko ditu datozen lau urteetan Ekonomiaren Susperraldiaren eta Enpleguaren aldeko 2017-2020 Esparru Programara. Egitasmoak hainbat helburu ditu: langabezia tasa % 10etik behera kokatzea, 45.000 enplegu sortzea, 6.000 enpresa berriri babesa ematea eta ikerketako 100 proiektu berri finantzatzea.

Programa goizean onartu dute gobernu bileran, eta, ondoren, Iñigo Urkullu lehendakariak aurkeztu du, hainbat sailburu ondoan zituela. Urkulluk azaldu duenez, legealdi honetan langabezia tasa bi hamarren baino gehiago jaistea da xede nagusia. "Enplegu gehiago eta hobea", azpimarratu du lehendakariak.

8.800 milioiko aurrekontua hainbat arlotan banatuko dute: 1.175 milioi enplegua sortzeko egitasmotan inbertituko dituzte; 5.225 milioi, inbertsio, berrikuntza, nazioartekotze eta industrializaziorako, eta gainerako 2.400 milioiak, abaletan.

Orain arte indarrean egon den egitasmoa (2014-2016 programa) ordezkatzera dator gaur aurkeztu dutena. Bi urteko epean 6.400 milioi inbertitu ditu Jaurlaritzak, eta ezarritako konpromisoen % 93 bete eta "helburuak erdietsi" ditu.

Gazteei zuzendutako neurriak

Enplegua sustatzeko, hainbat neurri edo ekintza-alor aurreikusi ditu egitasmoak: birgaitzeko 'renove' plana (347 milioi euro), laneratzeko pizgarriak (298 milioi), enplegurako prestakuntza (282 milioi), gazte enpleguaren sustapena (99 milioi), ekintzailetzaren sustapena (86 milioi) eta enpresa txiki eta ertainak, gizarte ekonomia eta tokiko garapena (63 milioi).

Plan honi esker, 45.000 enplegu sortzea, 6.000 enpresa berriri laguntzea eta 100 proiektu berri finantzatzea aurreikusi du Jaurlaritzak. Horrekin batera, enpresa txiki eta ertainei (ETE) hainbat eratara lagunduko zaie: 1.200 ETEri merkatu berrietara iristen lagunduko zaie; 1.100ri, modernizatzen eta hedatzen, eta 4.100ri, berrikuntza proiektuak garatzen.

20.000 gaztek lehen lana izateko aukera izan dezaten, lerro espezifikoa du programak, eta hainbat plan aurreikusi dituzte horretarako: Lehen Aukera Plana, ekintzailetza planak, tokiko eta eskualdeko enplegu planak...

Suspertze ekonomikoari dagokionez, 5.225 milioiko aurrekontua modu honetara banatuko dute: inbertsioak (2.610 milioi euro), berrikuntza (1.765 milioi), nazioartekotzea (125 milioi) eta industrializazioa (725 milioi).

Ikerketa, Garapena eta Berrikuntzara (I+G+B) bideratutako aurrekontua urtero % 5 hazteko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak.

ENPLEGU PLANA LEHENDAKARI SAILBURUAK IREKIA

Beatriz Artolazabal, Josu Erkoreka, Arantxa Tapia eta Maria Jesus Carmen San Jose sailburuak, lehendakariarekin batera. Argazkia: Irekia

Industria 4.0

Industria garapen ekonomikoaren motorra dela sinistuta, industriaren laugarren iraultzaren alde egingo du Jaurlaritzak, 1.500 enpresaren modernizazioa eta digitalizazioa sustatuta. Halaber, lantokietan Lanbide Heziketa eta Prestakuntza Duala babesteko neurriak hartuko ditu.

Enplegu publikoa eraberritu eta sendotzeko xedea ere badu Iñigo Urkulluren gobernuak. Datozen hiru urteetan, 9.000 langile publikoren erretiroari egin beharko dio aurre, eta horretarako lan eskaintza publikoak agindu ditu, Espainiako legediak ezarritako baldintzak beteta.

Inbertsioei dagokienez, honakoak aurreikusi ditu planak: Abiadura Handiko Trena (AHT) amaitzea, Donostialdeko metroa (Lugaritz-Morlans saihesbidea), Ezkerraldeko teknologia parkearen lehen fasea burutzea, hezkuntza azpiegitura berriak egitea, Eibarko Ospitalea zabaltzea eta Txagorritxu handitzea, Biocruces eraikuntza berria egitea, Gasteizko Koroatze auzoa birgaitzeko proiektua bukatzea, saneamendua hobetzea Urdaibain, Pasaia birgaitzea eta beste.

"Enplegua: gehiago eta hobe"

Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldian azpimarratu duenez, euskal enpresen "lehiakortasuna indartu" eta, susperraldi ekonomikoarekin batera, "enplegu gehiago eta hobea" sortzeko helburuarekin prestatu du plana EAJk eta PSE-EEk osatzen duten koalizio gobernuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Euskal Herrian Eusko Jaurlaritza albisteak