Ekonomia -

Euskal Autonomia Erkidegoan

2018ko lan egutegia onartu du Jaurlaritzak

Ez dute Euskadiren Egunerako datarik ezarri, Legebiltzarreko taldeek gaiaren inguruan duten eztabaidan ez eragiteko.

Erkoreka, Uriarte eta Artolazabal sailburuekin, prentsaurrekoan. EFE
Gobernu bileraren ondoko prentsaurrekoa. EFE
Erkoreka, Uriarte eta Artolazabal sailburuekin, prentsaurrekoan. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2018. urterako lan egutegia onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak gobernu bileran. Ezarritako 12 jaiegunen artean ez dago Euskadiren Egunari dagokiona, Jaurlaritzak Legebiltzarreko taldeen esku utzi baitu hura noiz ospatu behar den erabakitzea.

Euskadiren eguna abenduaren 3an —Euskararen eguna— izan dadin EH Bilduk egindako legez besteko proposamena tramitera onartu zuen Legebiltzarrak. Proposamenak hautsak harrotu ditu Nafarroan, hain zuzen ere, UPNren eta Nafarroako Alderdi Popularraren (PPN) esanetan, "probokazioa" litzateke Euskadiren Egunak Nafarroaren Egunarekin, Xabierko San Frantziskoren egunarekin, bat egitea.

Eusko Jaurlaritzak alderdi politikoen esku utzi du erabakia

Elkarrekin Podemosek soilik babestu du EH Bilduren proposamena. Gainerako alderdiei dagokienez, EAJk Euskadiren Egunak Aberri Egunarekin (Pazko igandea) bat egitea proposatu du, eta PSE-EEk eta PPk, ostera, nahiago dute urriaren 25a —Gernikako Estatutua onartu zen eguna—.

Gobernu bileraren ostean Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Jaurlaritzak ez du 2018ko lan egutegian Euskadiren Eguna zehaztu, "Legebiltzarreko eztabaidarekiko errespetuagatik" eta debatea ez oztopatzeko.

Horren esanetan, Eusko Jaurlaritza talde parlamentarioek erabakitzen dutena bere egingo du, baldin eta data baten inguruko adostasun zabala badago.

Azken urteetan egun ezberdinetan ospatu izan da Euskadiren Eguna. 2010ean, Patxi Lopez lehendakari zela, Eusko Legebiltzarrak urriaren 25a jaiegun izendatu zuen, eta hurrengo bi urteetan ere jaiegun izan zen. Urtebete geroago, 2013an, ostera, Legebiltzarrak baliogabetu egin zuen urriaren 25eko jaieguna.

2016an, urriaren 7ari jaiegun izaera eman zioten lehen aldiz, lehen Eusko Jaurlaritza eratu zeneko 80. urteurrena ospatzeko. 2017an, 2018an bezalaxe, Euskadiren Egunak ez du data zehatzik izango egutegian.

Aste Santua, martxoaren amaieran

2018ko lan egutegiari helduta, ez dago aparteko nobedaderik. Ohi bezala, urteko lehen jaiegunak urtarrilaren 1a —Urteberri eguna— eta urtarrilaren 6a —Errege eguna— izango dira.

Aste Santua martxoaren amaieran izango da, 29an eta 30ean, hain zuzen ere. Pazko astelehena, ostera, apirilaren 2an izango da.

Maiatzaren 1a, Langileen eguna, ere jai izango da. Maiatzetik abuztuaren 15era arte ez da jaiegunik izango; izan ere, uztailaren 25a laneguna izango da 2018an.

2018ko jaiegunak:

Urtarrilak 1, astelehena

Urtarrilak 6, larunbata

Martxoak 29, osteguna

Martxoak 30, ostirala

Apirilak 2, astelehena

Maiatzak 1, asteartea

Abuztuak 15, asteazkena

Urriak 12, ostirala

Azaroak 1, osteguna

Abenduak 6, osteguna

Abenduak 8, larunbata

Abenduak 25, asteartea

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana berriak Gizartea albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Lan egutegia