Ekonomia -

Kupoari buruzko negoziazioa

Erkoreka: '15 urteko bake fiskala lortzear gaude'

Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, dena ondo bidean eta akordioa lortuta, Kontzertu Ekonomikoaren batzorde mistoa maiatzean bil daiteke.

Erkoreka
Erkoreka
Erkoreka: 'Akordioa gauzatzen bada, 15 urteko bake fiskala izan dezakegu'

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kupoaren negoziazioan buru-belarri dabiltza azkenaldian Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua, eta akordioa gertu egon daiteke, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur iradoki duenez. "Akordioa sinatuta ez badago ere, aurrerapauso nabarmenak eman dira. Lortuko balitz, 15 urteko bake fiskala izango genuke, eta, beraz, albiste ekonomiko garrantzitsu baten atarian gaude", esan du.

Asteartero bezala, gobernu bileraren ondoko prentsaurrekoa eskaini du Erkorekak, eta bertan azaldu ditu negoziazioaren nondik norakoak: "Gai oso garrantzitsuetan aurrerapauso nabarmenak eman dira. Oraindik ez dago sinatuta, lanean ari gara".

Erkorekaren iritzian, oso gai garrantzitsuetan egin da aurrera, eta, akordioa lortuta, "15 urteko bake fiskala izango genuke", argitu du. "Alde batetik, azken 10 urteetako —2007/2011 eta 2012/2016 bosturtekoak— zuzenketen likidazioa ahalbideratuko da, eta bestetik, datozen bost urteetako oinarriak jarriko dira: 2017ko urteari dagokion Kupoaren definizioa, eta hortik aurrera bosturtekoan aplikatuko den eguneratzearen indizea", azaldu du.

Hori horrela, "ikuspuntu ekonomikotik, albiste oso on baten aurrean" egon gaitezkeela azpimarratu du Erkorekak. Izan ere, adierazi duenez, "bake fiskalaz ari garenean, egonkortasuna, inbertsioa, hazkunde ekonomikoa eta enplegua esan nahi dugu".

Kontzertuaren batzorde mistoa, maiatzean

Akordioa gauzatuta, Kontzertu Ekonomikoaren batzorde mistoaren bilera deitu beharko lukete aldeek. "Dena ondo bidean, maiatzean bertan egingo da", iragarri du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.

Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostutakoak aldebiko organo honetan ere jasoko dituzte, hori baita Kontzertu Ekonomikoak Kupoaren aferak zehazteko aurreikusita duen foroa.

Erkorekaren berbetan, azken egunotan "jarrera aldaketa" atzeman diote Espainiako Gobernuari, orain arte ikusi ez dutena. "Jarrera batzuk malgutu dituzte, eta, orain bai, badirudi akordioa lortzeko jarrera dutela", zehaztu du.

2007tik ez atzera ez aurrera egon da Kupoaren negoziazioa. "10 urteotan Espainiako hiru gobernu ezberdin, eta lau Jaurlaritza izan dira. Negoziazioa ez da erraza izan, eta denboran aurrera joanda, are beharrezkoagoa zen adostutako konponbide bat", aitortu du Erkorekak.

Bi aldeek akordioa lortzen dutenean, "gardentasun guztiarekin" adieraziko du Jaurlaritzak, eta "kopuru eta eduki guztiak eskura" izango direla nabarmendu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kontzertu Ekonomikoa Eusko Jaurlaritza EAE albisteak Espainiako Gobernua Espainia albisteak Ekonomia 2024 Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Zerga politika