Ekonomia -

Osoko zuzenketen eztabaida

Estatuko Aurrekontu Orokorrek lehen azterketa gainditu dute Kongresuan

Berdinketa izan da (175 boto) eta osoko zuzenketak atzera bota dituzte. PP, UPN, Foro Asturias, Ciudadanos, EAJ eta Coalicion Canaria alderdiek bozkatu dute zuzenketen kontra.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezusterik ez da izan, eta 2017ko Estatuko Aurrekontu Orokorrek lehen azterketa gainditu dute gaur Diputatuen Kongresuan. Hiru aldiz bozkatu dute, eta hiru bozketetan berdinketa egon denez (175 boto alde eta 175 boto kontra), aurkeztutako osoko zuzenketak baztertu egin ditu Ganberak.

Aurrekontuak Espainiako Gobernuari itzultzearen alde bozkatu dute PSOEk, Unidos Podemos-En Comú-En Marea taldeek, ERCk, PDeCATek, Compromisek, EH Bilduk eta Nueva Canariasek. Guztira, 175 boto.

Beste hainbeste boto izan dira zuzenketen kontra: 175. UPN, Foro Asturias, Ciudadanos, EAJ eta Coalicion Canaria alderdiek eta PPk berak bozkatu dute.

Lehen bozketan ez da akatsik izan, eta berdinketa egon denez, diputatuek bigarrenez bozkatu behar izan dute. Bozketa horretan ez denez aldaketarik egon, Kongresuan bost minutuko etenaldia egin dute eta berriz bozkatu dute.

Berdinketak jarraitzen zuela egiaztatuta, hirugarren bozketarekin Espainiako Aurreko Orokorren inguruko osoko zuzenketa baztertu egin dute. Gauzak horrela, aurrekontuek lehen azterketa gainditu dute Diputatuen Kongresuan.

Ostiral honetan, Kongresuan ordezkatuta dauden alderdi politikoek zatikako zuzenketak aurkezteko aukera izango dute.

Ondoren, aurrekontuak batzordean lantzen dituztenean, Alderdi Popularrak babes nahikoa izaten jarraituko du; EAJrekin eta UPNrekin lortutako akordioei esker. Hala, ostiralean aurkezten dituzten zatikako zuzenketek ez dute trabarik jarriko.

Dena dela, maiatzaren azken astean diputatuek Espainiako Aurrekontu Orokorrak berriz bozkatzen dituztenean, berdinketa lortzea ez da nahikoa izango. Une horretan, PPk aldeko boto gehiago behar izango ditu. Hala, beharrezkoa izango da oposizioko diputatu batzuk abstenitzea edota aldeko beste boto bat lortzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Euzko Alderdi Jeltzalea Albisteak PSOE Albisteak Alderdi Popularra UPN Ekonomia 2024 EH Bildu Gipuzkoa Ciudadanos alderdia Albisteak Podemos albisteak