Ekonomia -

Bigarren saiakera

Zamaketarien erreforma bozkatuko du Kongresuak, greba mehatxupean

Itxura guztien arabera, oraingo honetan aurrera aterako da, PPren, Ciudadanosen eta EAJren babesa eta PDeCATen abstentzioa jasoko baitu.

Zamaketariek greba deitu dute. EFE
Zamaketariak. EFE
Zamaketariek greba deitu dute. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zamaketarien sektorea erreformatzeko lege-dekretua bozkatuko du gaur Diputatuen Kongresuak. Espainiako Gobernuak maiatzaren 12an onartu zuen araua, eta martxokoa ez bezala, litekeena da bigarren hau aurrera ateratzea, PPk, Ciudadanosek eta EAJk aldeko botoa emango dutelako, eta PDeCAT alderdiak zuri bozkatuko duelako. Zamaketariek ez dute sektorea liberalizatuko duen lege-dekretua gustuko, eta, protesta gisa, greba deitu dute.

Europar Batasunak eskatuta egin behar izan du Gobernuak erreforma. Martxoan onartutako lege-dekretua atzera bota zuen Kongresuak, baina badirudi bigarren saiakera honetan onartuko duela.

Duela bi hilabete bezala, EAJren babesa izango du Alderdi Popularrak. Ciudadanosek ere aldeko botoa iragarrita du (martxoan, zuri bozkatu zuen), eta PDeCATek zuri bozkatuko du (kontra egin zuen orduan).

Alderdi katalanak eskatuta, zenbait aldaketa egin dituzte dekretu horretan. Hala nola, formazio alorrean "aurrerapausoak" egin dira, esparruei eutsi diete, eta zazpi egun baino gutxiagoko kontratuetan ez da pizgarririk izango.

Aldaketok begi onez hartu badituzte ere, lege-proiektuaren kontra jarraitzen dute zamaketariek, eta lanuzteei eutsi diete. Maiatzaren 24tik ekainaren 9ra, zortzi greba egun deitu dituzte (astelehen, asteazken eta ostiraletan, ordu bakoitietan). Horien hitzetan, lege-dekretuak "6.000 langileri eragingo dien enplegu-erregulazioko espedientea ezkutatzen du".

Iñigo de la Serna Sustapen ministroak enpleguari eusteko hartutako konpromisoa urratu duela salatu dute zamaketariek.

Patronala ere kexu da, ez baitu lege-dekretua onartzeko prozesuan parte hartzerik izan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa EAJ-PNV PP Ekonomia albisteak Ciudadanos alderdia Eguneko albisteak