Ekonomia -

26. promozioa

3.964 hautagai 250 posturako, Ertzaintzaren Lan Eskaintza Publikoan

Lan eskaintza horrekin, Ertzaintzako langile kopurua 'Segurtasuneko Batzordean adostutako 8.000 ertzainetan mantendu nahi da'.

Ertzaintzaren 26. promoziorako probak egingo dira larunbat honetan. Artxiboko argazkia: Ertzaintza
Ertzaintzaren 26. promoziorako probak egingo dira larunbat honetan. Artxiboko argazkia: Ertzaintza
Ertzaintzaren 26. promoziorako probak egingo dira larunbat honetan. Artxiboko argazkia: Ertzaintza

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira 3.494 pertsona daude onartuta, 953 emakumezko eta 2.541 gizonezko, Ertzaintzaren 26. promozioan sartzeko hautaprobetarako deialdian. Lehenengo probak larunbat honetan egingo dira, goizeko 8:15etik aurrera, Bilboko Bilbao Exhibition Centerreko 6. pabiloian.

Horrenbestez, 26. promozioaren deialdirako 2016ko uztailean izena eman zutenek hautaketa-prozesuko lehenengo probak egingo dituzte: eduki-probak, psikoteknikoak eta nortasun-probak, hain zuzen ere.

250 plazetako bat lortzeko 3.494 izangai daude, horietatik 953 emakumezkoak dira eta 2.541 gizonezkoak, eta 28 urte dituzte batez beste. Lurralde historikoen banaketaren arabera, % 57 bizkaitarrak dira (2.002), % 23,33 gipuzkoarrak (814) eta % 13,75 arabarrak (480). Gainera, onartutakoen artean Nafarroako 49, Kantabriako 40 eta Burgosko 26 hautagai daude.

Titulazioei begiratuz gero, % 29,09 goi-mailako teknikariak dira; % 19,46k goi-mailako batxilergoa dute; % 15,24 lizentziadunak, arkitektoak, ingeniariak edo graduatuak dira; % 12,23 teknikari laguntzaileak eta % 8,94k diplomatura edo ingeniaritza teknikoren bat dute eginda.

Proba fisikoak

Lehenengo azterketak gaindu ostean, deialdian zehaztutako hurrengo probak egingo dira, horien artean, fisikoak eta elkarrizketa pertsonala. Nolanahi ere, oposaketa gainditu eta 250 plazetako bat lortzen dutenek derrigorrezkoa eta baztertzailea den prestakuntza-ikastaroa egin beharko dute Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez, 26. promozioko izangaiei azterketa eginda, Ertzaintzako langile kopurua "Segurtasuneko Batzordean adostutako 8.000 ertzainetan mantendu nahi da eta, aldi berean, Ertzaintza gaztetzeko prozesuari ekin nahi zaio, Rajoyren Gobernuak aurkeztutako helegiteek geldiarazitako bi alderdi izanik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Eusko Jaurlaritza BEC argazkiak Lana berriak Ekonomia 2024 Albisteak Lan-eskaintzak gaur