Ekonomia -

Erreforma fiskala

Euskal kooperatibek zerga-sistema 'zintzoa' aldarrikatu dute

Erkidek gogora ekarri du azken hamar urteotako zerga-sistema kooperatibentzat okerragoa izan dela, gainerako merkataritza-sozietateekin alderatuta.

Euskal kooperatiben mugimenduak 1.339 lanpostu eragin ditu 2016an

0:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko Kooperatiben Federazioak (Erkide) fiskalitatearen erreforma "zintzoa" izan dadila eskatu du, kooperatiben betebeharrak nahiz eskubideak aintzat hartuta, eta gogora ekarri du azken hamar urteotan kooperatibek gainerako merkataritza-sozietateek baino zerga gehiago ordaindu behar izan dituztela.

Federazioak dio prest dagoela erreforma fiskalari buruzko "eztabaida lasaia eta gogoeta sakona" egiteko, "enpresa formula ezberdinen arteko oreka mantentzea helburu duen aldaketa ekarriko badu".

Javier Goienetxea federazioaren presidenteak eta Agustin Mendiola zuzendariak agerraldia egin dute Bilbon, Erkidek fiskalitateari buruz duen iritzia emateko; izan ere, duela egun batzuk Cebek Bizkaiko patronalak merkataritza-sozietateentzako kooperatibei ematen zaien "tratua" eskatu baitu.

Lehendabizi, kooperatibek, beste enpresa mota batzuek ez bezala, neurri "parafiskal" batzuk bete behar dituztela azaldu dute: urtero, euren irabazien % 30 Cofip eta FRO izeneko funtsetara bideratzen dituzte.

Kooperatiben ikuspuntutik, zerga-sistemarik egokiena 1997koa izan zen: enpresei ezarritako sozietate-zerga % 32,5ekoa zen eta kooperatibena % 21koa.

2007ko erreformarekin, baina, gauzak aldatu egin ziren: merkataritza-sozietateek ordaindu beharreko zerga % 28ra jaitsi zuten; eta enpresa txiki eta ertainena, % 24tik % 18ra; kooperatibena, berriz, % 20ra soilik murriztu zuten.

Egun indarrean dagoen erreformarekin -2013koa-, tasa horiek mantendu egin ziren, baina murrizketa berria gaineratuta: kooperatibei ez zaie emaitzen araberako zuzenketarik aplikatzen.

Horiek horrela, kooperatibek egoera orekatzea exijitzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak