Ekonomia -

Maiatzaren 29tik ekainaren 3ra

Urkulluk bidaia ofiziala egingo du Kolonbiara helburu ekonomikoekin

Lehendakaria ministro kolonbiarrekin eta herrialdean dauden euskal enpresetako ordezkariekin elkartuko da. Bakearekin eta bizikidetzarekin lotutako gaiak ere jorratuko ditu.

Iñigo Urkullu lehendakaria, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen ordezkaritza instituzionala eta enpresa mundukoa Kolonbiara joango da hilaren amaieran, eta Juan Manuel Santosen Gobernuaren hainbat ministrorekin eta herrialdean dauden euskal enpresetako ordezkariekin bilerak egingo dituzte.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak bisitaren inguruko xehetasunak eman ditu. Maiatzaren 29tik ekainaren 3ra egongo dira Hego Amerikako herrialdean, eta Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko eta Azpiegitura sailburua, Marian Elorza Kanpo Ekintzako idazkari nagusia eta Javier Zarraonaindia Industria sailburuordea ere bertaratuko dira, besteak beste.

Erkorekak gogorarazi du Kolonbia lehentasunezko kide dela Euskadi 2020 Nazioarteratze Estrategian, euskal enpresa gehien dituen Hego Amerikako herrialdea baita.

Gainera, Kolonbia oso une garrantzitsua bizitzen ari dela azpimarratu du Erkorekak, 52 urteko gatazkari amaiera eman dion bake akordioaren sinaduraren harira, eta horrek Kolonbian aukera ekonomikoak irekiko dituela uste du.

Bidaia ofizialaren izaera ekonomikoa izango da bereziki, eta batzar instituzionalak eta Kolonbian dauden 70 enpresatako ordezkariekin egingo dituztenak tartekatuko dituzte.

Gainera, EAEtik joango diren 25 enpresen ordezkariek Jaurlaritzak antolatutako hainbat jardueratan parte hartuko dute.

Maiatzaren 29ean Bogotara joango dira. Hiriburuan egingo duten egonaldian lehendakaria Maria Angela Holguin Atzerri Gaietarako ministroarekin eta Maria Claudia Lacouture Merkataritza, Industria eta Turismo ministroarekin elkartuko da.

Era berean, hitzaldia emango du Javeriana unibertsitatean, kontinenteko unibertsitate garrantzitsuenetako batean.

Gainera, bakearekin eta bizikidetzarekin lotutako gaiak jorratuko ditu Kolonbiako Gobernuko ordezkariekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Lehendakaria Albisteak Kolonbiako albisteak gaur