Ekonomia -

Lan erreformaren aurka

Eusko Legebiltzarrak soldata igoera orokorra eskatu du

EH Bilduk defendatutako ez legezko proposamena da, EAJk eta PSE-EEk babestu dutena, eta helburua krisiaren ondorioz izan den erosteko ahalmenaren galera konpentsatzea da.

Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EiTB
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EiTB
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak aldarrikatu du negoziazio kolektiboaren baitan "soldata igoera orokorra" egin beharra dagoela, krisiaren ondorioz izan den erosteko ahalmenaren galera konpentsatzeko eta "aberastasunaren banaketa justuagoa" sustatzeko.

EH Bilduk defendatutako ez legezko proposamena izan da, eta EAJren eta PSE-EEren babesa jaso du. Podemosek abstentzioa eman du testua nahikoa ez dela iritzita, eta PPk kontra bozkatu du, inora ez daramala uste duelako.

Ekimen horrekin azkeneko lan erreforma errefusatu dute, lan-baldintzak "debaluatu eta prekarizatu" dituelako. Horren aurrean, eragile sozialen arteko "oreka" bermatuko duen lan-harremanen eredua bilatu beharra dagoela uste dute, langileen eskubideak "berreskuratzeko" eta "enplegu egonkorra eta kalitatezkoa" sortzeko.

Bestalde, Eusko Legebiltzarrak negoziazio kolektiboa desblokeatzeko giltza Confebaskek urtarrilean ELArekin, LABekin, CCOOrekin eta UGTrekin lotutako akordioa dela adierazi du, euskal lan-hitzarmenei lehentasuna ematen dielako Estatukoen gainetik.

Hori horrela, akordioaren sinatzaileei eskatu diete akordioa betetzeko eta lan-hitzarmenen itunak sustatzeko.

EH Bildutik, Iker Casanovak salatu du Confebask dela lan erreforma ezartzen duen eragilea EAEn, negoziazio kolektiboaren egoeraren erruduntzat jo du, eta Jaurlaritzari "patroi txarra" dela esan dio.

Jon Aiartzak (EAJ) Jaurlaritzaren papera azpimarratu du elkarrizketa sozialean, eta soldata igoerarena negoziazio kolektiboaren arloan kokatu du.

Jon Hernandezek (Elkarrekin Podemos) uste du akordioa ez dela nahikoa, "lan harremanen kontua nola dagoen ikusita" politikariak "helduagoak" izan beharko liratekeelakoan.

PSE-EEri dagokionez, Alexia Castelok emendakina babestu du, eta "argia eta oinarrizkoa" dela esan du.

Azkenik, Javier Ruiz de Arbulok (PP) ohartarazi du "soldata igoera orokorra baldintzarik gabe eskatzea eta ezer ez esatea berdina" dela, eta lan erreforma baliogabetzearen aurka agertu da, nahiz eta aitortu "hobetu" edo "aldatu" daitekeela, egungo egoera ez delako 2012koaren berbera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Legebiltzarra albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia berriak EH Bildu PSE-EE berriak Euskadiko PP Eguneko albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Lansariak