Ekonomia -

Langabezia

4.374 langabe gutxiago zenbatu dituzte maiatzean Hego Euskal Herrian

Jaurlaritzaren ustetan, maiatza "hilabete ona" izan da, 135.000 langabe kopurutik jaitsi delako.

Langabeziak %2 egin du behera EAEn

1:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herrian 4.374 langabe gutxiago zenbatu dituzte 2017ko maiatzean, apirilarekin alderatuta, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan. Guztira, 171.009 pertsona daude lan barik Hego Euskal Herrian.

Espainiako Gobernuaren Enplegu Ministerioak emandako datuen arabera, iazko maiatzarekin alderatuta ere, behera egin du langabeziak: 18.179 langabe gutxiago daude.

Lurraldeka, Nafarroan izan da jaitsierarik handiena. 1.602 pertsonak lortu dute lanpostua, eta aurreko hilabetearekin alderatuta, % 4,17 jaitsi da langabezia. 36.773 langabe daude foru erkidegoan.

Gipuzkoan izan dute bigarren beherakada handiena: 1.077 langabe gutxiago (- % 2,92). Denera, 35.845 pertsona daude lan barik.

Araban 432 pertsona sartu dira lan mundura maiatzean (- % 1,96), betiere aurreko hilabetearekin alderatuta. 21.610 langabe zeuden maiatza amaitzerako.

Azkenik, Bizkaian izan da langabezia tasaren jaitsiera apalena: % 1,62 (1.263 pertsona). 76.781 lagun lana topatu ezinda daude oraindik.

Estatuko datuei dagokienez, maiatzean % 3,13 jaitsi da tasa, 2017ko apirilarekin erkatuta, eta % 11,06, 2016ko maiatzarekin alderatuta. Espainiako Estatuan 3.461.128 pertsona daude lan barik.

Gizarte Segurantzaren afiliazioak ere datu positiboak utzi ditu Hego Euskal Herrian. Apirilarekin alderatuta, 8.253 pertsona gehiago zenbatu dituzte. Guztira,  1.203.617 pertsona dira Gizarte Segurantzako kide.

Jaurlaritza, pozik

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren hitzetan, maiatza "hilabete ona" izan da enpleguari dagokionez, 135.000 langabe baino gutxiago zenbatu direlako EAEn —zehazki, 134.236 pertsona daude lan barik—. Datu hobea topatzeko 2010eko azarora jo behar da.

Sailburuaren ustez, Jaurlaritza "ezarritako helburua, langabezia % 10etik behera jaistea, lortzetik gertu dago", eta horretarako "lanean" jarraituko du.

Nabarmendu duenez, eraikuntzan, zerbitzuetan eta industrian sortu dira lan aukera gehien azken hilabetean.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia gaur Zer gertatu da gaur Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana berriak Ekonomia berriak Eguneko albisteak