Ekonomia -

Finantzak

Santanderrek Popular erosi du, euro baten truke

Ana Patricia Botinek zuzentzen duen erakundeak 7.000 milioiko kapital handitzea egingo du.

Popularren bulego bat, Madrilen. EFE
Popularren bulego bat. EFE
Popularren bulego bat, Madrilen. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euro bat. Kopuru sinboliko hori ordaindu du Santander bankuak Popularraren % 100 erosteko. Egunak zeramatzan Emilio Saracho buru duen finantza erakundeak burtsan galerak izaten —bere balioaren % 50etik gora galdu du—, eta Europako Banku Zentralak Popularraren bideraezintasunaz eta erortzeko arriskuaz ohartarazi zuen atzo bertan. Hala, operazioa egiteko baimena du Europako Batzordeak.

Santanderrek berak ohar bidez eman du horren berri. "Ongietorria eman nahi diegu Popularreko bezero guztiei, Santander Taldeko kide dira aurrerantzean. Gogor egingo dugu lan trantsizio epe honetan eta etorkizunean ere zerbitzu ona eskaintzeko", azaldu du testuan.

Europako Ebazpen Bakarreko Batzordeak onartutako salmenta prozesu lehiakor baten emaitza da operazioa, eta Espainiako Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak (FROB, gaztelaniaz) zuzendu du.

Eragiketa burutzeko ez da diru publikorik erabiliko, eta Santanderrek 7.000 milioi euroko kapital handitzea egingo du "Popularraren balantzea indartzeko behar den hornidura bermatzeko".

Ana Patricia Botinen bankuak Twitterren kaleratutako oharra:

Popularraren kotizazioa eten du Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak.

Santanderrek nabarmendu duenez, Popular erosita, Espainiako finantza erakunde handiena bilakatuko da. Santander izenpean jardungo duen konpainiak 17 milioi bezero izango ditu aurrerantzean.

Botin: "Ez dugu inoren presiorik jaso"

Ana Patricia Botin Santanderreko presidenteak ukatu du agintariek Popular banketxea erosteko presionatu izana: "Ez dugu inoren presiorik jaso". Erosketaren berri emateko agerraldian azaldu duenez, bankuak bere akziodunen "interesen alde" jokatzen du beti, eta oraingoan ere horrela egin du.

Azaldu duenez, Santandarrek ez zuen eskaintzarik egin Popularrek duela aste batzuk zabaldutako salmenta prozesu irekian. Europako Banku Zentralak bankua porrotetik gertu jotzean, baina, eskaintza bat egiteko proposamena jaso zuen Santanderrek. "Duela aste batzuk aurkez genezakeen eskaintzaren oso bestelakoa aurkezteko moduan ginen", zehaztu du. Hori horrela, prezioa zehaztuta, akordioa asteazken honetako 07:00etan izenpetu dute Europako agintariekin.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Banco Santander argazkiak Ekonomia 2024 Gaurko azken orduko albistea