Ekonomia -

amnistia fiskala

Konstituzionalak balio gabe utzi du 2012ko amnistia fiskala

Espainiako Gobernuaren neurria Konstituzioaren aurkakoa dela ebatzi du. Dena dela, epaiak ez du eraginik egingo dagoeneko erregularizatuta dagoen diruan.

Cristobal Montoro Ogasun ministroa. EFE
Cristobal Montoro Ogasun ministroa. EFE
Konstituzionalak balio gabe utzi du 2012ko amnistia fiskala

1:23

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak baliogabe utzi du Espainiako Gobernuak 2012an dekretu bidez onartu zuen amnistia fiskala, Konstituzioaren aurkakoa dela argudiatuta. Epaileek aho batez hartu dute erabakia.

Epaiak, baina, ez du eraginik izango amnistia horren ondorioz dagoeneko erregularizatuta dauden diruetan.

Hain zuzen ere, Konstituzionalak onartu egin du 50 diputatu sozialistak baino gehiagok aurkeztu zuten konstituzio-kontrakotasun helegitea.

Horrenbestez, diru ezkutuak inolako zigorrik gabe eta % 10eko zergak baino ez ordainduta erregularizatzea ahalbidetu zuen dekretua balio gabe geratu da.

Ebazpenean agertzen denez, dekretua inkonstituzionala da gaia ezin delako dekretuz arautu, maila konstituzionala duelako.

Auzitegiak gogor kritikatu du PPren Gobernua, eta ez formalki gaizki jokatu duelako, baizik eta neurriaren sakoneko izaeragatik.

Konstituzionalaren arabera, "Estatuak abdikatu egin du gastu publikoari eustea guztion betebeharra dela egikaritzeko garaian".

Gaineratu duenez, neurri horrek zilegitasuna eman zien "elkartasunik gabe jokatu eta zergak ordaintzeko beharra bete ez zutenei, eta azkenean, borondatez zuzen jokatu zutenei baino egoera mesedegarriagoa jaso zuten".

Auzitegi Konstituzionalak inkonstituzional jo eta baliogabetu duen neurria dekretu legearen lehenengo xedapen gehigarria da, inolako zigorrik gabe ezkutuko dirua % 10eko zergapean deklaratzeko aukera ematen zuena.

Gobernuak garrantzia kendu dio

Espainiako Gobernuak aitortu du ebazpena "nahigabe" bat dela, baina azpimarratu du lege prozedura dela kritikatutakoa, neurria ez duela zalantzan jartzen.

Hala, Madrilek ez die kritikei jaramonik egin eta prozeduran zentratu da. Gobernuaren arabera, ez da zalantzan jarri erregularizazioa bera, baizik eta lege dekretu bidez egin izana.

Dimisioa eskaerak

Gestha ogasuneko teknikarien elkarteak Cristobal Montoro Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroaren dimisioa eskatu du, eta ministroak Kongresuan eman nahi du bere bertsioa.

Unidos Podemosek eta PSOEk ere bat egin du eskaera horrekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Espainiako Gobernua argazkiak Espainia Ekonomia albisteak Albisteak Espainiako Auzitegi Konstituzionala