Ekonomia -

305.000 kaltedun

Popularraren goi-kargudun ohien kontrako kereila aurkeztu du OCUk

2016ko zuzendaritzaren kontrakoa da salaketa, "benetakoak ez ziren kontuak" aurkeztu zituelako.

Gizon bat Popularrek Bartzelonan duen bulegoetako baten aurretik igarotzen. EFE
Popularren bulego bat. EFE
Gizon bat Popularrek Bartzelonan duen bulegoetako baten aurretik igarotzen. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

OCU kontsumitzaile eta erabiltzaileek erakundeak kereila aurkeztu du gaur Auzitegi Nazionalean 2016an Popular banketxearen goi-kargudun zirenen kontra, iruzur egin izana eta kontabilitatea faltsua aurkeztu izana egotzita. Kereila aurrezkiak galdu dituzten 305.000 pertsonen izenean aurkeztu du.

Kereilak honakoak ditu jomuga: Angel Ron banketxeko presidente ohia, Roberto Higuera presidenteorde izandakoa, Pedro Larena kontseilari delegatu ohia, eta banketxearen kontuak ikuskatu zituen enpresa (PriceWaterhouseCoopers, PwC) eta ikuskaritza hura sinatu zuen bazkidea. 2016an banketxearen arduradun zirenen kontra jo du OCUk, ez hondoa jo duenean zeudenen aurka.

"Popularraren akziodunek eta bonuren jabeek kalte-ordaina jasotzea nahi du OCUk, eta iruzurraren erantzuleak justiziaren aurrera eramango ditugu horretarako. Bi delitu egin dituztela uste dugu: kontabilitate faltsua aurkeztu eta iruzurra egin. Izapideak abiatu eta erantzukizunak zehaztu behar dituzte", azaldu du kereila aurkeztu duen abokatuak, Eliseo Martinezek.

Bestalde, Ileana Izverniceanu OCUren bozeramaileak adierazi duenez, elkarteak ez du baztertzen beste bide batzuk erabiltzea "aurreztaile txikiek galdutako dirutza berreskuratzeko".

"Kontuak ez ziren benetakoak"

Izverniceanuren esanetan, Popularraren azken kapital handitzean aurkeztutako kontuak "ez ziren benetakoak", eta horiek aintzat hartuta egin zuten inbertsioa milaka pertsonak.

Kontu faltsu horiek aurkeztu zituzten goi-kargudunak dira banketxearen "porrotaren erantzule", eta horien kontra jo dute. OCUren bozeramailearen ustez, Espainiako Bankuak, Balore Merkatuaren Batzordeak eta Ekonomia Ministerioak ere badute erantzukizunik: "Luis de Guindos jaunari galdetu beharko diogu. Izan ere, Popular bankua erakunde kaudimenduna zela zioen... Zer gertatu da bi astetan, orduan?".

"Saracho, bankuen Messi zelakoan"

Eliseo Martinez OCUren abokatua kaltedunetako bat da. "Niri ere egin didate iruzur. Ronek dimisioa eman eta Saracho zuzendaritzan sartu ondoren erosi nituen akzioak. Azken horrek bankuen Messi edo Cristiano Ronaldo zelakoan saltzen zuen bere burua", salatu du.

Martinezek 20.000 euroko inbertsioa egin zuen, eta horiek berreskuratuko dituen "itxaropena" du, auzia "agerikoa" baita eta "Bankiaren aurrekaria" ere hor dagoelako, horren hitzetan.

Abokatuaren esanetan, "arazoa" dago Espainiako erakunde erregulatzaileekin. "Balore Merkatuaren Batzordea ez da inoiz garaiz heltzen. Politikariak mahai baten bueltan jesarri beharko lirateke erakunde erregulatzaile horiek euren lana ondo egin dezaten neurriak hartzeko", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Banco Santander albisteak Ekonomia 2024 Albisteak