Ekonomia -

ELA-ren 14. Kongresua

ELA-LAB aliantza 'modurik indartsuenean' erabiltzeko deia egin du Muñozek

Eusko Jaurlaritzak PPren eta PSOEren politikak ezartzen dituela eta patronalaren jarrera bera defendatzen duela gogor kritikatu du ELAko idazkari nagusiak.

Adolfo 'Txiki' Muñoz ELAko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Adolfo 'Txiki' Muñoz ELAko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
ELAk dei egin dio LABi elkarrekin aritzeko

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adolfo 'Txiki' Muñozek esan du ELA eta LAB sindikatuen arteko aliantza “ahalik eta modurik indartsuenean” erabiltzeko unea iritsi dela, aurretik “arazo batzuk” konpontzea ezinbestekoa izango bada ere.

ELAko idazkari nagusiak azaldu du “kultura politiko berri bat” bultzatu behar dela, “iraganeko inertziak albo batean utzita, gobernuekin edukiez eztabaidatzeko, begiak siglatan jarri beharrean, eta lehentasun nagusia prekarietateari aurre egitea dela argi izanda”.

14. Kongresua egiten ari da ELA gaur eta bihar Bilboko Euskalduna Jauregian eta han egin ditu adierazpenok Muñozek. ELAko kideez gain, alderdi politikoetako (EAJ, EH Bildu, Ahal Dugu, EA, Alternatiba, Ezker Anitza eta Geroa Bai) eta Euskal Herriko nahiz nazioarteko sindikatu ezberdinetako ordezkariak ere bertan izan dira.

“Proposamenak egiteko eta mobilizaziorako gaitasuna izan nahi badu, langileen interesak defendatu behar baditugu eta gizarte oinarri izango duen prozesu soberanista bat bultzatu nahi badugu, ELA eta LAB sindikatuen arteko aliantza ezinbestekoa da”, azpimarratu du Muñozek bere agerraldian.

Horrez gain, ELAren kontrako “erasoak” salatu ditu eta “boterearen aurkako sindikalismoa” inoiz baino beharrezkoagoa dela defendatu du.

Ildo horretan, EAJri ohartarazi dio ELAk ez duela inoiz “harreman klientelarrik” izango eta kritikak egiten jarraituko duela, akordioetara heltzeko prest egongo bada ere.

“Tatcherren pareko plitikak” egitea eta “mugimendu sindikalaren kontrako plan bat” izatea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Era berean, “PPren eta PSOEren politikak” aplikatzen dituela eta “patronalaren jarrera bera” defendatzen duela egotzi dio.

“Askotan ezinezkoa da Eusko Jaurlaritzako ordezkari batekin edo enpresarien ordezkari batekin ari zaren bereiztea”, erantsi du.

Ordezkariek aho batez onartu dute

Kongresuan parte hartzen ari diren 736 ordezkariek aho batez onartu dute sindikatuko batzorde exekutiboak aurkeztu duen kudeaketa txostena, ELAren idazkari nagusi eta karguan jarraitzeko hautagaiak ezarritako bideari babesa emate aldera.

Gainera, bi ebazpen onartu dituzte Batzorde Nazionalak proposatuta, langileen euskalduntzea sustatzea eskatzen duena bata, eta indarkeria matxistaren kontrakoa, bestea.

ELAk indarkeria matxistari aurre egiteko konpromisoa hartu du, eta horretarako emakumeen lan prekarietatearen kontra egingo du, horrek mendekotasuna ekonomiko eta soziala areagotzen duela eta indarkeria jasateko aukerak ugaritzen dituela iritzita.

Biharko saioan sindikatuaren datozen lau urteetako ponentzia eta Txiki Muñozen hautagaitza bozkatuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Langileen Alkartasuna albisteak Langile Abertzaleen Batzordeak Ekonomia berriak Gaurko azken orduko albistea