Ekonomia -

Nafarroa

UAGN sindikatuaren ustezko iruzurrari buruzko ikerketa, artxibatuta

Epaileak bere autoan adierazi duenez, ez du frogarik aurkitu ikertuak izan direnek 'onura ekonomiko pertsonala' eskuratu dutela esateko.

UAGN, Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasuna. Artxiboko argazkia: EiTB
UAGN, Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasuna. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko 1. Instrukzio epaitegiak artxibatu egin du Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasuna (UAGN) sindikatuaren ustezko iruzurrari buruz abiatutako ikerketa. Guardia Zibilak hasi zuen ikerketa, prestakuntza ikastaroak emateko xedearekin sindikatu horrek Nafarroako Gobernuaren aldetik jasotako diru-laguntzetan irregulartasunak zeudelakoan.

Sindikatuaren, Fundagro fundazioaren eta AMUR erakundearen aurka jarritako salaketa baten ondotik abiatu zen prozedura, Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako ikastaroetan "irregulartasunak" egon zirelakoan. Irregulartasun horiek ikastaroetako parte-hartzaileen sinaduretan eta benetan egin ez ziren ikastaroen justifikazioetan egongo lirateke, hain zuzen ere.

Epaileak emandako autoak irakur daitekeenez, kasu honetan ezin ondorioztatu daiteke Fundagro eta Nafarroako Emakume Baserritarren Elkarteak, UAGN sindikatuaren babesarekin, iruzurrezko makineria bat osatu zutenik Nafarroako Gobernuari iruzurra egiteko eta, horrenbestez, modu bidegabean aberasteko. Aldeek autoaren kontrako helegitea aurkez dezakete.

Bestalde, epaileak bere autoan adierazi duenez, ez du frogarik aurkitu ikertuak izan direnek 'onura ekonomiko pertsonala' eskuratu dutela esateko. Gaineratu duenez, proiektuak egon bazeuden eta gauzatzen ziren, aztertutako dokumentazioan frogatuta gelditu den bezala. Hala ere, diru-laguntzak nora joan ziren justifikatzeko egindako espedienteetan "irregulartasunak" egon zirela ondorioztatu du.

Dena den, alor penaletik begiratuta, epailearen esanetan, salatutako irregulartasunak ez dira diru publikoa lortzerakoan iruzurra egin zela esateko modukoak.

Balizko erantzuleei dagokienez, ezin omen zaie batzordeko kideei erantzukizun penala egotzi "proiektuak ikuskatuta eta justifikatuta" aurkezten zitzaizkielako. Alderantziz, jasotako dirua itzultzeko eta etorkizunean "antzerako gertaerak" ez errepikatzeko neurriak hartu dituztela zehaztu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Iruzurrak albisteak Ekonomia berriak Eguneko albisteak Sindikatuak Espainian