Ekonomia -

Lan gatazkari, amaiera

Zamaketariek eta patronalak akordioa adostu dute

Akordio horren arabera, portuetako langileen subrogazioa bermatzen da. Horrenbestez, bertan behera geratu da sektore horretan zegoen lan gatazka.

Bilboko zamaketariek sektoreko greban zehar egindako manifestazioa. Artxiboko argazkia: EFE
Bilboko zamaketariek sektoreko greban zehar egindako manifestazioa. Artxiboko argazkia: EFE
Bilboko zamaketariek sektoreko greban zehar egindako manifestazioa. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zamaketarien sindikatuek eta Anesco patronalak akordio bat adostu dute gaur. Modu horretan, amaiera eman diote bost hilabetez Estatuko portuetan egin duten grebari, Espainiako Gobernuak portuetako karga-sektorera liberalizazioa ekarriko ostean.

Adostutako akordioaren arabera, bermatu egiten da portuetako langileen subrogazio, eta horixe zen zamaketariek negoziazio-prozesu osoan izan duten aldarrikapen nagusiena.

Horrenbestez, bertan behera utzi dituzte biharko eta uztailaren 3, 4, 6 eta 7rako aurreikusita zituzten bost greba-egunak.

Antolin Goyak, Itsasoko Langileen Estatuko Koordinadorako (CEMT) arduradun nagusiak, bileraren amaieran kazetariei azaldu die patronalak lanpostuen % 100 bermatzen dituela eta alderdi biek V. Esparru Akordioa egonkortasun eta normaltasunezko giroan negoziatzeko konpromisoa hartu dutela, hitzarmen kolektiboa indarrean dagoen araudira egokitze aldera.

Horren harira, gaineratu du prozesu horretan Gobernuaren partaidetza izatea nahi dutela "lege barruan egotearen berme nahikoa izateko eta, batez ere, zamaketaren sektorearen lege dekretuak ezartzen dizkigun mugen barruan egotearena".

Aldi berean, sindikatuek patronalari ziurtatu diotenez, "portuetan egonkortasuna eta normaltasuna egongo da" negoziazio-prozesu horrek irauten duen bitartean.

Alderdi biak datorren astean bilduko dira berriro, eta bertan bilerak egiteko egutegi bat zehaztuko dute, hitzordu horiek maizago egin ditzaten eta beraietan gai zehatzak planteatzeko. Goyak adierazi duenaren arabera, bilera horiek iraila amaiera baino lehenago amaitzea espero dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak Lana berriak Espainia bideoak Ekonomia 2024 Gaurko azken orduko albistea Lan gatazkak albisteak gaur