Ekonomia -

2016ko txostena

Prekarietateari lotutako lan pobreziaz ohartarazi du EGABek

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen iazko memorian agertzen denez, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jaso zutenen % 20k soldata osatzeko egin zuten.

Argazkia: EITB
Argazkia: EITB
Argazkia: EITB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea (EGAB) kezkatuta agertu da gaur EAEn dagoen "lan pobrezia" dela eta, behin behineko edo lanaldi partzialetako lanpostuei lotua, soldatak laguntza sozialekin osatzera behartuta baitaude.

EGABen arduradunek 2016ko memoria aurkeztu dute Bilbon, kaleratu duten 20.a, eta agerian utzi dute bertan Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jaso zutenen % 20k soldata osatzeko egin zutela.

"Lan pobrezia" existitzen den eta "kezkatzen" duen fenomenoa da, EGABen arabera. Izan ere, 2012-2014 tartean behera egin bazuen ere, 2014tik 2016ra hazi egin zen.

Inmaculada Gallastegi memoria egiteaz arduratu den batzordeko presidenteak azaldu duenez, lanpostu egonkorra duten langileen artean, "benetako pobrezia" % 1,2 ingurukoa da, baina % 16ra igotzen da lanpostu egonkorrik ez dutenen artean.

Francisco Jose Huidobro erakundearen presidenteak esan du 2016a urte ona izan zela ekonomikoki EAErentzat, hazkundea egonkortu egin zelako eta enpleguak gora egin zuelako.

Hala eta guztiz ere, enpleguaren susperraldia "gazi-gozoa" omen da, lanaldi partzialak gora egin duelako eta langabeziaren babesak, behera.

Erakunde aholkulariak ohartarazi du, gainera, epe luzeko langabezia (urte bat baino gehiago) "kroniko" bihurtzeko arriskua dagoela, langabezian daudenen erdiari eragiten baitie.

Era berean, langabeziagatik jasotzen diren laguntzen beherakada jaso dute txostenean, aurreko urtean baino puntu bat baxuagoa izan zelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana albisteak Ekonomia albisteak Gaurko azken orduko albistea