Ekonomia -

Bilboko Portuan

Itsas dorre eolikoak ekoizteko lantegi batek 300 lanpostu sortuko ditu

Lantegia 2018ko lehen hiruhilekoan jarriko dute martxan, eta lanek 55 milioi euroko inbertsioa izango dute. Haizea Windek 37,4 milioi euro inbertituko ditu.

Haizea Wind Proiektua. Argazkia: Bilboko Portua
Haizea Wind Proiektua. Argazkia: Bilboko Portua
Haizea Wind Proiektua. Argazkia: Bilboko Portua

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haizea Wind enpresak itsas dorre eolikoak eta beste osagai batzuk fabrikatu eta esportatzeko lantegi bat eraikiko du Bilboko Portuan. Zehazki, 55 milioi eurokoa izango da instalazio berri hori martxan jartzeko inbertsioa, eta horri esker 300 lanpostu inguru sortuko dira. Haizea Windek 37,4 milioi euro inbertituko ditu ekipamendu industrialean. Bilboko Portuak, berriz, 19 milioi euroko ekarpena egingo duela jakinarazi du, eta inbertitutako dirua tasen bidez jasoko dute bueltan, horren esanetan.

Astelehen goizean proiektuaren lehen harria jartzeko ekitaldian Haizea Wind enpresako arduradunek azaldu dutenez, urtean 180 dorre egiteko ahalmena izango du lantegi berri horrek, eta 2018ko lehen hiruhilekoan martxan jartzea espero dute.

Itsas dorre estandar batek hiru atal izango ditu, eta, atal horiek oso handiak direnez, portuko kaietatik hurbil egin behar dira. Lantegiari dagokionez, nabe nagusiaz gain zerbitzuetarako eta administrazio-lanetarako eraikin bana izango ditu. Bilboko Portuak jakinarazi duenez, hogei metroko altuera izango du nabeak.

Bilboko Portuko Agintaritzak lehiaketa publiko baten bidez esleitu zituen nabe hori eraikitzeko lanak, 17,5 milioi euroko aurrekontuarekin, eta zazpi hilabete eta erdi beharko dituzte lan horiek bukatzeko. Haizea Wind enpresak 35 urtez izango du instalazio berriak erabiltzeko baimena.

Eraikin-multzoak 49.000 metro karratu hartuko ditu, Bilboko Portuko zabalguneko 77.000 bat metro karratu dituen lursail batean.

Europan itsas dorre eolikoak ekoizteko lantegirik onena izatea espero duela azpimarratu du Damaso Quintana Haizea Windeko presidenteak. Hala, nork bere burua ispiluaren aurrean jarri eta begiratzeko eredu bihurtzea espero duela gaineratu du. Quintanak ziurtatu duenez, lantegi horren kokaguneari esker ere, lehiakortasun handia izatea lortuko dute.

Bestalde, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak nabarmendu duenez, horrelako proiektuei esker industriak euskal ekonomian oinarrizkoa izaten jarraitzen du. Tapiaren arabera, kalitatezko lanpostuak sortu daitezke, gainera, gisa horretako azpiegiturei esker.

Etorkizunari begira, energia eolikoak industrian izango duen garrantzia azpimarratu du sailburuak.

Halaber, Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiaren aburuz, “albiste ona da” Haizea Windek Bilboko Portua aukeratu izana. Horren esanetan, industria eolikoak inguruan duen garrantzia bermatzen du erabaki horrek, eta dagoeneko garatzen ari diren beste proiektu batzuk bultzatuko ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Azken ordukoa Bizkaia EAE albisteak Lana Bilboko Portua bideoak Ekonomia berriak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Hidrogeno berdea Energia iturriak gaur