Ekonomia -

Eztabaida

Donostiako Parte Zaharreko bizilagunek 'turismoen gerra' baztertu dute

Parte Zaharrean Bizi elkarteak ohar batean adierazi duenez, ez dute onartuko "turismoen gerra" horretan sartzea, eta "are gutxiago indar politikoen arteko norgehiagoka bihurtuko bada".

Neska bat, turismo eredua salatzeko Eguzkik egindako kartel baten ondotik igarotzen. EFE
Eztabaida politikoak kezkatzen ditu Donostiako Parte Zaharreko bizilagunak

1:24

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotan piztutako "turismoen gerra" baztertu dute Donostiako Parte Zaharreko bizilagunek, Parte Zaharrean Bizi elkartearen ahotik. Elkarteak oharra bidali du "gerra" horretan ez sartzeko eskatuz, eta eurena "egiturazko gaitza" dela azpimarratuz.

"Ez da turismoa soilik" izenburua duen agirian, arazoa auzoaren eredua dela nabarmendu dute. Horien ustez, Donostiako Parte Zaharra "parte tematiko bihurtu dute, jende askoren ustez dibertitzera joateko mugarik gabeko gunea baita, nahiz eta horrek hainbat eragozpen sortzen dituen zarata, espazio publikoaren okupazioa, zaborra, eta mugikortasun aldetik, besteak beste".

Idatzian esan dutenez, turismoak areagotu egin du arazoa, eta beste hainbat sortu ditu, hala nola "pisu turistikoen ugalketa azkarra". "Gehienak legez kanpokoak dira, eta, beraz, berehalako neurriak" hartu behar dira, elkartearen iritziz. Dena dela, arazoa "lehenagotik" datorrela berretsi dute.

Halaber, azken egunotan piztutako "turismoen gerra" baztertu eta ika-mika horretan ez sartzeko eskatu dute. Hitzez hitz diotenez, "ez dugu onartuko 'turismoen gerra' horretan gu sartu nahi izatea, are gutxiago indar politikoen arteko norgehiagoka bihurtuko bada, eta, beraz, askotan bezala, konponbiderako baino bakoitzak bereari gogorrago eusteko balioko badu... Gure kasuan, gainera, Parte Zaharreko arazo sakonei behar bezala heldu gabe, erabat azaleko bihurtzeko arriskupean".

Abuztuaren 2an kaleratutako agirian galdegindakoak berretsi dituzte, eta euren helburua "auzo eredu egokia" lortzea dela, alegia, "komunitate bizitza posible egingo duen eredu bat, eta ez eguneroko oinaze".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia albisteak Turismoa Euskadi Alderdi politikoak bideoak Gizartea bideoak Ekonomia albisteak Gaurko azken ordukoa Donostiako Alde Zaharreko albisteak