Ekonomia -

Lan-gatazka

El Prateko laudoak 200 euroko osagarria zehaztu du langileentzat

Gainera, hainbat langilek jasotako zigorrak baliogabetu ditu.

Marcos Peña epaileak gaur aurkeztu du laudoa. Argazkia: EFE.
Marcos Peña epaileak gaur aurkeztu du laudoa. Argazkia: EFE.
Marcos Peña epaileak gaur aurkeztu du laudoa. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eulen eta bere langileen arteko Bartzelona-El Prat aireportuko lan-gatazkari amaiera ematea xede, Gobernuak Marcos Peña izendatu zuen epaile, eta horrek laudoa aurkeztu du. Bertan, zehaztuta dago enpresak 200 euroko gehigarria ordaindu beharko diela langileei; halaber, baliogabetu ditu zenbait langilek jasotako zigorrak eta hainbaten aurkako espedienteak.

Marcos Peñak gaur eman die bere bulegoan Eulen konpainiako ordezkariei eta greba-batzordeari betebeharreko laudioa; 28 orrialdeko agiria da. Peñak, Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko presidentea bera, hamar eguneko epea bete du.

Epaileak kontuan izan du Generalitatek emandako bitartekaritza-proposamena (Euleneko langileek bi aldiz gaitzetsi du, baina enpresak onartu egin du); bertan, 200 euroko gehienezko osagarria, 12 ordainketatan, jasotzen zuen. Osagarri horrek Aenan lanean egon izateagatik sortutako aurreko osagarriak hartuko ditu bere gain. Aireportu bateko segurtasun-langile batek 1.100 euro gordin jasotzen ditu (907 euro, gehi plusak).

Laudoan, Peñak dio Generalitaten proposamena garrantzitsua izan dela agiria egiteko; izan ere, teknikoki zehatza da, eta ekitateari dagokionez ere zuzena da.

Diziplina-neurriak, bertan behera

Epailearen erabakiak, gainera, zehaztu du lan-gatazkaren gainean hartutako diziplina-neurriek 'ez dutela zertan ondoriorik izan', eta bi aldeek ez dutela hartuko bestelako neurririk: 'Hortaz, bertan behera geratuko dira hemendik aurrera, ezarritako zigorrak eta abiatutako espedienteak', dio laudoak.

Laudoa emanda, aldeek ez dute ezer esan horren gainean. Euleneko zuzendari nagusi Emilio Garciak aseguratu du aztertuko dutela, baina ontzat hartuko dutela, eta abian jarri.

Juan Carlos Gimenez Euleneko greba-batzordearen aholkulariak, bere aldetik, Bartzelonan egingo duten agerraldira jo du (bertan egingo dute balorazioa), eta astelehenean langileek egingo duten asanbladara; astelehen horretan esango dute laudoa 'nahikoa' den, edo zerbait eztabaidatu behar den enpresarekin. Gainera, esan du bere horretan jarraitzen duela irailaren 8tik aurrera deituta dagoen grebak.

Langile gehiago eta komunikazio-bide bat

Langile gehiago hartzeari buruz, laudok zehazten du iragazkiko bost langile gehiago izango direla; goi-denboraldian 25 lanpostuko txandak izango dira. Halaber, adierazten du osagarriak, behe-denboraldian, atsedenaldiei estaldura ematea izango dutela xede, orain arte bezala. Gainera, 'haren lana gardentasunaz jarraitu ahal izateko erregistro bat' izango da.

Langileekin komunikazio-bide bat izango da, galderak edo eskaerei erantzuna emateko, eta, kontsulta zein den, dagokion departamentura bidaliko da. Eskabide-eredu bat sortuko da. 24 orduko epean eman beharko dira, eta gehienez 72 orduan, langileak erantzuna izango du.

Sustapen Ministerioaren eta Generalitatearen balorazioa

Sustapen ministro Iñigo de la Sernak berretsi du laudoa derrigorrean bete behar dela, eta, hortaz, normaltasuna ekarri behar duela aireportura. Oraingoz, segurtasun-iragazkietako langileek grebak dituzte deituak irailaren 8tik aurrera.

'Laudoarekin, amaiera ematen zaio gatazkari, eta normaltasuna bueltatuko da aireportura, inork ez luke ulertuko hala ez izatea', esan du ministroak. De la Sernak ardura eskatu die alde guztiei, eta eskerrak eman dizkio Marcos Peña epaileari.

Josep Ginesta Generalitateko Lan idazkari nagusiak ohartarazi duenez, laudoak ez du etorkizunerako bake soziala bermatzen; izan ere, 'laudo bat inposatzen denean, zaila da bake hori lortzea', nabarmendu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Bartzelona argazkiak Grebak albisteak Ekonomia Gaurko azken ordukoa Lan gatazkak albisteak gaur