Ekonomia -

ABIADURA HANDIKO TRENA

Barkos AHTari buruz: Alderdien interesengatik hartu du erabakia Estatuak

Nafarroan, Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren kudeaketa osoa bere gain hartu du Espainiako Sustapen Ministerioak.

Abiadura Handiko Trenaren lanak. Artxiboko argazkia: EiTB
Abiadura Handiko Trenaren lanak. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak Abiadura Handiko Nafarroako Trenbidearen lanen kudeaketa bere gain oso osorik hartu ondoren, Nafarroako Gobernuak bilera egingo du gaur egoera aztertzeko. Horren aurretik, Uxue Barkos Foru Gobernuko presidenteak kazetarien aurrean adierazi duenez, alderdien interesengatik eta ez Nafarroaren interesengatik hartu du erabakia Espainiako Sustapen Ministerioak.

Proiektua "berehala" bere gain hartuko duela iragarri zuen atzo Espainiako Gobernuak, haren esanetan, "Nafarroako Gobernuak hitzarmen proposamenari erantzunik ez diolako eman".

Barkosen hitzetan, "alde bakarreko haustura" izan da eta gertatutakoa ulertzeko atzera begiratu behar da, zehazki, maiatzean eta ekainean izandako Espainiako aurrekontuen negoziazio garaietara. "UPNk jostailu bat nahi zuen, UPNk jostailua dauka orain eta Nafarroari hitzarmena lapurtu diote", nabarmendu du.

"Arduragabetasun adibide argia da hau, hain zuzen, alderdi interesek Nafarroako interesekin talka egiten duten auzi batean", azpimarratu du.

Uxue Barkosek UPNren eskua ikusten du Espainiako Sustapen Ministerioaren erabakiaren atzean. Azaldu duenez, honek ez dauka zerikusirik Nafarroako interes orokorrarekin, 2017ko Espainiako aurrekontu orokorrak adosterakoan hartu zituzten konpromisoekin baizik.

Nafarroako presidenteak ukatu egin du Espainiako Gobernuak esandakoa, hots, Nafarroako Gobernuak ez diola hitzarmen proposamenari erantzunik eman. Are gehiago, Nafarroako Gobernua berari dagokion horretan guztian lanean ari dela "denbora eta formari dagokionez". "Ez dago inolako atzerapenik, bestelako arrazoiek izan dute eragina, alderdien interesek alegia", berretsi du.

Erreakzioak, Abiadura Handiko Nafarroako Trenbidearen lanen harira

Koldo Martinez Geroa Baiko parlamentariaren hitzetan, "egutegiko arazo txiki bat ezin da eta ez litzateke izan behar Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioa lortzeko arazo bat".

Adolfo Araiz Nafarroako EH Bilduren bozeramailearen hitzetan, UPNren "presioak" eragindako "inposaketa" da.

Podemosen izenean, Mikel Buil parlamentariak Estatuaren erabakia deitoratu du "Nafarroako autogobernuari kalte handia egiten diolako".

Marisa Simon Ezkerra taldeko parlamentaria ez da "inondik ere" harritzen, hartutako erabakiarekin.

Bestalde, Javier Esparza UPNko presidenteak esan du EH Bildu, Podemos eta Ezkerra izan direla Nafarroako Gobernuari bultzatu diotenek "azpiegitura ez sustatzeko".

Maria Chivite PSNko idazkariaren arabera, "desiragarriena" hitzarmena izango litzateke, baina orain "egoerak saihestea ez du balio".

Ana Beltran bozeramaile popularrak Nafarroako Gobernuaren jokabidea deitoratu du, "gobernukideen presioen ondorioz nahita luzatu baitu bere erantzuna".

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Uxue Barkos argazkiak Espainiako Gobernua argazkiak Ekonomia Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua albisteak AHT Euskadi