Ekonomia -

Abanto Zierbenan

Bizkaiak beste teknologia-parke bat izango du, Ezkerraldean

Abanto Zierbenan egingo dute. Euskal parke teknologikoen plan estrategiko berriaren barnean dago; guztira, 70 milioi inbertituko dituzte plan horretan, 2020ra arte.

Arantxa Tapiak teknologia-parkeetarako plan estrategikoa aurkeztu du. Argazkia: Iker Salgado.
Arantxa Tapiak teknologia-parkeetarako plan estrategikoa aurkeztu du. Argazkia: Iker Salgado.
Arantxa Tapiak teknologia-parkeetarako plan estrategikoa aurkeztu du. Argazkia: Iker Salgado.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak astelehen honetan esan duenez, Bizkaiko Ezkerraldean, Abanto Zierbenan hain zuzen, beste teknologia-parke bat egingo dute; 4.0 industriarako erabiliko dute, eta trakzio-proiektu bat kokatuko dute bertan.

Zamudion egin du iragarpena gaur Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, euskal parke teknologikoen 2020ra arteko plan estrategikoaren aurkezpenean.

Trakzio-proiektu hori Bizkaiko Foru Aldundiaren eta enpresa baten arteko lankidetza izango da, eta urtea amaitu aurretik zehaztuko dute.

70 milioi euro, 2020ra arte, plan estrategikoan

Euskal parke teknologikoetan, plan estrategiko berri bat sartuko da indarrean. Guztira, 70 milioi euroko inbertsioa egingo dute plan horretan, eta horietatik 60 Bizkaian inbertituko dituzte; izan ere, sailburuak azaldu duenez, "argi dago Bizkaian industrializazio arazoa dagoela, eta bultzada handia behar da".

Hori dela eta, inbertsiorik handiena, aipatutako 70 milioi euroko hori, Bizkaian geldituko da; Gipuzkoara sei milioi euro inguru bideratuko dira eta Arabara hiru milioi.

2020rako okupazio-maila % 79ra heltzea da planaren helburu nagusia. Gaur egun, % 69an dago, baina oso banaketa desorekatuarekin; Gipuzkoan % 99ko okupazioa dute, Bizkaian % 65ekoa, eta Arabakoa % 40koa da.

Eraikuntza-ahalmena handituko dute, oro har, enpresa berriak hartzeko. Gaur egun 511 enpresa, ikerketa-fundazio eta berrikuntza zentro daude EAEko parke teknologikoetan, eta datozen lau urteotan beste 75 enpresa berri erakartzea nahi dute.

Zamudio, Leioako campusa eta Zorrozaurre Bizkaian

Bizkaian, Zamudion eta Derion Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen eraikuntza-ahalmena handitzea da helburua, batez ere Geldoko eta Arestiko lursailetan, lehenean hirigintza-prozesua martxan jarriz, eta bigarrenean, hirigintza-kudeaketa abiatuz.  Horrez gain, aurrerapausoak emango dira Leioako campusa garatzeko, EHUrekin elkarlanean, lehendik dauden eraikinetara enpresak erakartzeko, eta enpresen eta unibertsitateko ikerketa-taldeen hazteko beharrizanei erantzuteko, eta, orobat, Zorrotzaurreko teknologia-parke urbanoaren proiektua bultzatuko da.

Miramon eta Galarretako campusa Gipuzkoan

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean, Plan Estrategikoak bi asmo nagusi jasotzen ditu: batetik, Miramongo gunea handitzea, eraikin berri bat eginez eta eskueran dauden partzelak zatitzeko aukera aztertuz, eta bestetik, Galarretako campusa garatzea, Gipuzkoako parkearen hedapen naturala den heinean, erakundeekin lankidetzan proiektu eragile bat sustatuz.

Miñano Araban

Araban, hauek izango dira Teknologia Parkearen egitasmo behinenak datozen hiru urteetarako: enpresa eta proiektu estrategiko berriak biltzea, eta hala, parkearen gaur egungo okupazio-maila handitzea; merkatuaren beharrizanetara egokitutako eraikin berri bat eraikitzen hastea; eta ondoko lursailei loturiko hirigintza-izapideen prozesua amaitzea, espazio gehiago izateko eskaera posibleei aurrea hartzeko.

Euskadiko Parke Sarearen neurri egokia eta iraunkorra bermatzeko, azterlan bat egingo da parkeen gaur egungo neurriari eta neurri egokiari buruz, sor daitezkeen espazio-gabeziei aurre hartzeko, eta, orobat, sareari atxikitako campusekin (Eibar, Armentia eta Arkaute) lankidetzan jarduteko hitzarmenak eta eredua berrikusiko dira.

Datozen asteetan inauguratuko da, halaber, Zibersegurtasuneko Euskal Zentroa, Arabako Teknologia Parkeko instalazioetan, eraso informatikoen aurrean prebentzioa lantzeko eta horiei aurre egiteko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Abanto Zierbena