Ekonomia -

Epaiketa

Hirikoren arduradunak: 'Proiektua azkenera arte salbatzen saiatu ginen'

Afypaida enpresako lau administratzaileek deklaratu dute Gasteizko Merkataritza-gaietarako epaitegian.

Hiriko auziaren epaiketa Merkataritza-gaietarako epaitegian. Argazkia: EFE
Hiriko auziaren epaiketa Merkataritza-gaietarako epaitegian. Argazkia: EFE
Epailearen aurreran Hiriko auzian auzipetu nagusi direnak

1:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiriko auto elektrikoaren bultzatzaileek egitasmoa azkenera arte salbatzen saiatu zirela ziurtatu dute. Bestalde, proiektuan zehar Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren kexarik jaso ez zutela adierazi dute; guztiz kontrakoa, "zoriondu" zituzten.

Afypaida enpresako lau administratzaileek gaur deklaratu dute Gasteizko Merkataritza-gaietarako 1 epaitegian. Hiriko ekimenak 15,7 milioi euroko diru-laguntza publikoak jaso zituen, gehienak (14,7 milioi) Ministerioaren eskutik, baina egitasmoak porrot egin zuen.

Jesus Echave, Iñigo Antia, Jose Luis Bengoechea eta Fernando Achaerandio lau administratzaileak porrotaren erruduntzat jotzea eta arduradunei 10 urteko inhabilitazioa ezartzea eskatu du Fiskaltzak. Era berean, proiektuarekin lotutako 15 enpresek eta lau administratzaileek 15,7 milioiko diru-laguntza itzultzea eskatu du fiskalak.

Estatuko Abokatutzak fiskalaren eskakizuna babestu du, eta porrotaren erruduntzat jotzea eskatu du konkurtsoko administratzaileak. 2015eko otsailera arte, konkurtsoa aurkeztu arte, alegia, Afypaidako lau arduradunek kaudimengabezia areagotu zutela uste dute guztiek, 2013tik enpresa "sosik gabe" zegoelako.

JESUS ECHAVE HIRIKO EFE

Jesus Echave Afypaidako administratzaileetako bat. Argazkia: EFE

¿Kazakhstan , Iran eta Japoniako inbertitzaileak?

Epaiketaren saioan lau administratzaileek deklaratu dute gaur. Atzerapen hori proiektua aurrera ateratzeko itxaropenarekin justifikatu dute arduradunek; izan ere, enpresek egitasmoan interesa agertu zuten. Lau administratzaileen hitzetan, Kazakhstan, Iran eta Japoniako inbertitzaileekin bildu ziren, baina ez zuten akordiorik adostu.

Are gehiago, Echaveren ahotan, konkurtsoa aurkezteko itxaroteko eskatu zien SPRIk 2013an. "2014ko amaierara arte pauso guztiak proiektua salbatzeko izan ziren", azpimarratu du.

Afypaida irabazi-asmorik gabeko elkarte bezala osatu zela azaldu dute lau arduradunek, diru-laguntza publikoak jaso ahal izateko. Dirua aurreratu zuten, nahiz eta funts galdurako izan, erantsi dutenez.

ANTIA HIRIKO EFE

Iñigo Antia Afypaidako administratzaileetako bat. Argazkia: EFE

Iñigo Antia

Iñigo Antia Gasteizko zinegotzi jeltzale ohiak diru-laguntzak bilatzeko ardura zuela adierazi dute beste hiru arduradunek. Antiaren esanetan, ostera, laurak "espektro politiko osoarekin" bildu ziren.

Epaiketa urriaren 27an bukatzea espero da, azken ondorioekin. Ordura arte beste sei saio izango dira. Fiskalak ia 30 lekuko proposatu ditu, eta froga guztiak aurkeztu behar dituzte oraindik, baita gainerako aldeen proposamenak ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak albisteak Epaiketak bideoak Ekonomia albisteak Gaurko azken ordukoa