Ekonomia -

Turismoa

Eusko Jaurlaritzak espedientea ireki die 250 pisu turistiko baino gehiagori

200 inguru Bilbon daude, eta 53 Donostian. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitzen Erregistroak “goraka jarraitzen du”, eta gaur egun 2.200 bat etxebizitza daude.

Pisu turístikoak Irudia: EiTB
Pisu turístikoak Irudia: EiTB
Etxebizitza turistikoak arautzeko protokoloa sinatu dute

1:18

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak espedientea ireki die erabilera turistikoko 250 etxebizitza baino gehiagori (200 ingururi Bilbon eta 53ri Donostian) indarrean dagoen araudia ez betetzeagatik, lurzoruaren erabilera zehazten duen udal araudia barne.

Alfredo Retortillo Turismo sailburuak, Imanol Landa Eudeleko buruak eta hiru hiriburuetako alkateek, Gorka Urtaranek (Gasteiz), Juan Mari Aburtok (Bilbo) eta Eneko Goiak (Donostia), lankidetza akordioa sinatu dute astelehen honetan erabilera turistikorako etxebizitza eta gelen arloan. Udalen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko informazio trukearen prozedura zehazten du.

Retortillok azaldu duenez, Turismo Legeak deklarazio arduratsuaren erregimena jasotzen du, hau da, norbaitek bere etxebizitza erabilera turistikora zuzendu nahi izanez gero, deklarazio “arduratsua” aurkeztu behar du, indarrean dagoen araudia ezagutzen eta betetzen duela esanez.

Astelehen honetan sinatutako protokoloari esker, Turismoko zuzendaritzak dagokion Udalari etxebizitza edo gela turistikoaren deklarazio arduratsua aurkeztu duten eskatzaileei dagokien harremana jakinaraziko dio, eta txosten bat bidaliko du, araudia betetzen duen ala ez esanez, eta, beraz, jarduera burutu ahal duen jakitera emanez.

Etxebizitzen erregistroa

Retortillok azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitzen Erregistroak “goraka jarraitzen du”, eta gaur egun 2.200 etxebizitza inguru daude, baina zifra hori “mugitu” egiten dela gaineratu du. Orain, protokolo honekin, horietako asko irtengo direla nabarmendu du, alegazio fasean daudenen jarduera ixteko agindua eman delako.

Ezkutuko eskaintza

Legea betetzen ez duten etxebizitza turistikoen eskaintzari buruzko saila egiten ari den ikerketari dagokionez, Retortillok azaldu du urriaren erdialderako amaituta egotea espero duela.

Turismoko sailburuak adierazi duenez, otsailetik harremanetan daude etxebizitza horiek eskaintzen dituzten plataformei iragarkietan Eusko Jaurlaritzaren erregistro zenbakia sartzea “obligatzeko”. "Amaitu gabeko negoziazioa" dela gaineratu du.

Erregulazio "propioa"

Bestalde, Eneko Goia Donostiako alkateak esan du udalerri bakoitzak bere errealitate propioa duela apartamendu turistikoei dagokienez, eta, beraz, “bakoitzak erregulazio propioa proposatzen du, errealitatea oinarri hartuta, eta ez du zertan berdina izan”.

Juan Maria Aburtok esan du Bilbon ez dagoela “arazo larririk” etxebizitza turistikoekin, nahiz eta horri buruzko bederatzi kexa jaso.

Gorka Urtaranek esan du Gasteizeko eredu turistikoa, eta Euskadi osokoa, “arduratsua eta jasangarria” dela, eta “gorantz doan sektorearen inguruko erakundeen arteko” lankidetza mantendu behar dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Gasteizko Udala albisteak Donostiako Udala Bilbo berriak Donostia bideoak Turismoa Euskadi berriak Eusko Jaurlaritza Ekonomia Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz berriak Gaurko azken orduko albistea Etxebizitzen merkatua